Abenduaren 9an Nafarroako senior mailako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Labriten. Irurtzun klubeko Alberto Ongay satrustegiarrak eta Iosu Bergera arruazuarrak Ultzama klubeko Iriarte eta Otxandorena izan zituzten aurkari. Partida oso lehiatua izan zen, eta nahiz eta hasieran sakandarrak aurreratu (3 eta 7), Ultzamakoak gerturatu ziren. Materialak guztiz baldintzatu zuen partida; Irurtzungoek pilota motelago baten alde egin zuten; azkarragoa, aldiz, Ultzamakoena. Azkenean, oso alde gutxiagatik txapelarik gabe geratu ziren sakandarrak, Iriartek eta Otxandorenak 18 tantotan utzi baitzituzten.
Aldiz, 22 urtez azpiko Nafarroako Txapelketako finaleko txapelak Sakanara etorri ziren. Irurtzun klubeko Nazabalek eta Arbizuk 22 eta 12 irabazi zieten Oberenako Okiñenari eta Cordoni.
Ongay Uharteko lau t´erdiko txapelduna
Frontoia lepo zegoela jokatu ziren Uharte Iruñeko lau t´erdiko finalak. Gizonezkoen finalean Alberto Ongayk ikusgarri jokatu zuen, hasieratik dominatu zuen eta 7 tantotan utzi zuen Ojuel.
Bergera Garferekin
Abenduaren 4an Garfe enpresak 2018ko pilotarien aurkezpena egin zuen. Errioxako enpresan 18 pilotari ariko dira, sakandar bat tartean, Iosu Bergera arruazuarra. Iaz debutatu zuen Garferekin Bergerak, eta udako denboraldi osoa egin zuen eurekin. Titin III.a, Xala, Tainta, Sancho, Garrido V.a, Urbieta, Mendinueta, Gorrotxategi, Azanza, Zabala, Urruzola, Aldabe, Galarza, Lobato VI.a, Jaio, Sainz II.a eta Mendy ditu taldekide.