Larrazpilgo zubi bat konponduta, orain bestea

Guaixe 2017ko abe. 14a, 12:51

Leitzarango Autobiako (A-15) bigarren zubia konpontzeko eta indartzeko autobiaren Sakanarako norabidea itxi dute Latasan

Irailaren 11n hasi ziren Leitzarango Autobiako (A-15) Larrazpilgo zubiak konpontzeko lanak. Lehenik, Lekunberriko norabidean dagoen zubia konpondu dute. Eta astelehenean bigarren zubiaren txanda hasi zen, trafikoa Sakanara ekartzen duena. Horregatik, Latasatik Sakanarako autobiarako sarbidea moztu egin dute. Gidariek NA-1300 errepidetik Irurtzunerantz jo beharko dute.

Larrazpilgo bigarren zubiaren konponketa lanak otsailerako despeditu nahi dituzte. Bitarte horretan trafikoa Lekunberrira daraman bidera desbideratu da eta zentzu bakoitzean norabide bakarreko erraila dago zabalik. Lanengatik trafikoaren abiadura moteldu egin beharko da, toki batzuetan 40 km ordukoa izanen da eta besteetan 60koa.

Lanak Acciona Construcción SA enpresa egiten ari da eta horien truke Nafarroako Gobernuak 1.239.367,98 euro (BEZ barne) pagatuko dizkio, lizitazio prezioa baino %25,02 merkeago eman ziren lanak. Larrazpilgo bi zubiak Arakilgo mugan daude, Irurtzun eta Latasa udalerrien artean, A-15 autobiaren 116+100 km puntuan. Bi zubi independente dira, bana zirkulazioaren noranzkoko, eta Larraun ibaiaren eta NA-1300 errepidearen gainetik doaz. 1992. urtean eraiki zituzten. 2008ko ikuskapen berezian konturatu ziren zubia konpondu eta indartzeko beharraz.