Zer da heriotza? Zergatik hiltzen gara gizakiak? Ez dira erantzun errazeko galderak. Ziur dakiguna ordea, behin jaiota hilko garela. Ezjakintasuna eta beldurra sor dezakeen kontua dugu heriotzarena eta hauen aurrean erlijioek indar handia hartu dute erantzun zehatz batzuk emanez.
Atzeraezina den kontua dela argi dago, heriotzak itzulerarik ez duela, alegia. Bizia bezala ezagutzen dugunaren amaiera dugu heriotza. Erlijio eta sinesmen ezberdinek bestelakorik esan dezaketen arren, ez dut berpiztu den hildakorik ezagutu.
Beste kontu oso desberdin bat litzateke hil diren pertsonak gurekin jarraitzen dutela esaten dugunean. Sinestun izan edo ez, pertsona bat hiltzen denean, gurekin dagoela diogu harekin gogoratzen garen aldiro. Zer esanik ez dago, pertsona hori zurekin bizi izan denean. Fisikoki ez dago gure artean, ezin dugu ez ukitu ez laztandu; baina aurrerago aipatu dudan bizia bizitzen ari garenok hamaika une, era eta egoeratan “berpizten” dugu. Haren izena eta izana maiz dugu gure ahotan, gehienetan irri bati loturik gainera; gustura eta gogoz egiten ditugun keinuak.
Abenduak 15 ditu gaur. Etzi damu urteak beteko lituzke eta mahaiaren bueltan elkartuko ginen guztiok ospatzeko asmoarekin. Zazpi dira ospatu gabeko urte betetze egunak. Asko dira egun beltz hartatik hona pasa direnak. Beste batzuk joan eta baita ezagutuko ez dituzunak jaio ere. Min biziak eraman zintuen eta bizi mina geratu zen. Denborak arintzen du mina eta bizia da guri geratzen zaiguna. Adiorik ez aita.