Gabonen aurreko igandean, ohi bezala, Euskal Herriko Mendigoizale Eguna ospatuko da Aralarko Santutegian. Mendizaleen egutegietan gorriz markatutako data da honakoa, klub ezberdinetako mendizaleak bildu, eurekin ez daudenak oroitu, aspaldiko lagunak ikusi eta urtea despeditzeko egun aproposa baita.
1964. urtean, urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, igandekoa festaren 53. edizioa izango da. Festa antolatzeko txandakatu egiten dira Nafarroako mendi klubak eta aurten Boscos taldeari eta Irurtzungo Iratxo elkarteari egokitu zaie ardura.
Meza, 11:00etan, eta ondoren auzatea
Goizean goiz ekingo diote mendizaleek Aralarrera igotzeko lanari. Toki ezberdinetatik abiatuko dira. Asko Uharte Arakildik, baina baita Lakuntzatik, Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik ere bai. Sakanako Mendizaleak taldeak goizeko 8:30ean jarri du hitzordua Lakuntzan, bertatik igoerari ekiteko. Horrela, mendizale taldeak gutxinaka baina etengabe iritsiko dira Aralarko santutegira. Goizeko 11:00etan izanen da mendizaleen meza elizkizun nagusia. Mendiko materiala bedeinkatuko dute, eta, bukaeran, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango dute mendizaleek
Meza ondoren mahai inguruan bilduko dira mendigoizaleak, orduan hamaiketakoari ekingo baitiote, musika lagun dutela. Aspaldiko lagunekin biltzeko aukera paregabea izango da. Kantatzera eta dantzatzera animatuko denik ere izanen da. Mendizale asko bazkaltzera geldituko dira, bai San Migelen eta baita ondoko herrietan ere, tartean Sakanan. Egun polita, bertara igotzeko gonbitea egin du Nafarroako Mendi Federazioak eta Mikel Goiaingeruaren Kofradiak.