Bide eman euskarari, berdintasunaren alde!

Guaixe 2017ko abe. 15a, 14:36

Lelo hori du Kontseiluak deitu duen manifestazioa. Nafarroako Gobernuak hezkuntzako lan deialdi publikoan bi hizkuntza ofizialak zerrenda berean sartzeko asmoari babesa emanen zaio

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak nafarrak manifestaziora deitu ditu, urgentziaz. Paul Bilbao idazkari nagusiak esan duenez, “gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde eta nafarren eskubideen berdintasunaren aldeko mobilizazioa izango da eta baita hainbat eragile sustatzen ari diren jarrera antisozialak salatzeko ere”. Nafarroako Gobernuak hezkuntzako lan deialdietan zerrenda bakarra erabiltzeko erabakia “ausarta, egokia” da Bilbaoren iritziz. “Euskaldunok behar dugun aldaketaren erakusgarri da, zalantzarik gabe, euskaldunak zokoratu eta diskriminatu dituen araudia baliogabetzea”.

Erabaki hori bertan behera utzi nahian PSNk, premiazko prozedura erabiliz, lege bat proposatu du. Heldu den ostegunean eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan. Sozialistek UPNren eta PPren babesa jaso dute, baita gobernua sostengatzen duen Izquierda-Ezkerrarena ere. Bilbaok adierazi duenez, “zerrenda bakarraren aurka eginez, gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka ari dira. Gainera, lanerako eskubidea zalantzan jartzen ari dira, euskara ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian, eta euskara jakitea zigortzen ari dira. Alde guztietatik da antisoziala”.

Horregatik, Kontseilutik “gobernuaren erabaki aurreragarri hau babesteko deia” egin diete euskaltzaleei, “euskararen mesederako izateaz aparte, gizartearen normalizazioaren onerako baita” Bilbaok gaineratu duenez, “konplizitateak eraiki behar ditugu euskaraz bizi nahi dugunon artean, eta euskaldunon eskubideon aurka ari direnen jarrera baldintzatzea lortu behar dugu, kaletik. Herritarrek ez dute ulertuko ezta onartuko ere berreskuratzea UPNk indarrean jarritako erabaki baztertzaile bat, aldaketa politikoa ahalbidetu zuten alderdi batzuen babesarekin”.

Manifestazioa
Larunbatean, 12:00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuko da. Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, ELAk, LABek, STEILASek, Bilgune Feministak eta Sos Arrazakeriak.