Xalok kirol, dietetika eta nutrizio zentroak eta Euskanikross taldeak antolatuta, igandean jokatu zen, Etxarri Aranazko kanpinean, I. Etxarri Aranazko Txakurkrosa. Modu xumean esanda, txakurrari lotuta korrika egitea da txakurkrosa. Hotza eta tarteka euria ari zuen, baina parte-hartzaileak ez ziren kikildu, txakurrekin korrika egiteko hobea baita hotza beroa baino, eta, azkenean, 70 parte-hartzaile inguru aritu ziren I. Etxarri Aranazko Txakurkrosean.
Proba ikusgarria
Antolakuntzan ibili zen Euskanikross taldeko Igor Artieda etxarriarrak adierazi digunez, balorazio positiboa egiten dute. “Ibilbidearen ikusgarritasuna, hori aipatu ziguten parte-hartzaileek. Izugarri gustatu zitzaien. Eskarmentu handiko jendea etorri zen gure proban aritzera, eta txundituta zeuden ibilbidearekin. Izan ere, oso teknikoa da, eta bidean denetatik zegoen: desnibeleko bideak, desnibel gabekoak, eje-bueltak, ura, putzuak… gozamena. Lokatzez beteta iritsi ziren helmugara, baina pozik. Izan ere, proba hauetan ibiltzen garenok lokatza gustuko dugu”.
Hainbat modalitatean jokatu zen I. Etxarri Aranazko Txakurkrosa. Goizeko 8:00etan albaitariak txakurrei kontrol probak pasatzen hasi ziren, txakurren ongizatea, hori baita proba hauen arau nagusia. Goizeko 9:00ak inguruan bikejoring edo bizikletan doazenak atera ziren, eta haiei lotuta, euren txakurrak. 6 km inguruko ibilbidea zuten, baina antolakuntzak aldaketak egin zituen, euriarengatik bide batzuk arriskutsuak zeudelako. 6 partaide izan ziren bikejoringean eta 7 patinean. Ondoren Txakurkros herrikoian parte hartu zuten 12 kideek hartu zuten irteera, euren txakurrei lotuta 3,4 km egiteko, eta, azkenik, Txakurkros proba nagusian parte hartu zuten 50 kideak (6,3 km) eta euren txakurrak. Izan ere, bizikletan eta patinetan aritu ziren partaide batzuk ere korrikazko proban aritzera animatu ziren. Ibilbide luzeko lehenengo kilometroa eta azkeneko bi kilometro erdiak Triku Trail mendi lasterketakoak ziren, paraje bikainak.
Etxarriko kanpinean bildu ziren ikusleak ere harrituta geratu ziren txakurkrosaren ikusgarritasunarekin. Bikejoring eta patineteetan doazenen abiadura, esaterako, ikusgarria da. Giro polita izan zen Etxarriko kanpinean.
Kronometrajean arazoak
Igor Artiedak aipatu digunez, arazo eta akats batzuk izan zituzten kronometrajean. “Berriak gara, eta naiz eta dena ongi egiten saiatu, akats batzuk izan genituen. Baina partaideekin hitz egin eta gero, zuzendu genituen. Guretzat garrantzitsuena da parte-hartzaileak oso gustura ibili zirela. Ibilbidea ondo markatu genuela, hornidura ere bikaina zela… antolakuntzari zorionak ematera hurbildu ziren asko eta asko. Sare sozialetan ere aipamen gehienak ildo horretatik doaz” gaineratu digu, pozik. Guztia antolatzen 30 lagun inguru ibili ziren.
Aipatzekoa da ere Txakurkros txikia antolatu zutela, txikienengan txakurkrosaren harra pizteko. Zortzi haurrek osatu zituzten probako 800 metroak, euren txakurrez lagunduta.
Sakandarrak bikain
Txakurkrosa proba nagusia Jon Gonzalez Garciak (20:45) eta Sara Agirrek (24:37) irabazi zuten. Sakandarren artean, Xuban Mendiola 36.a sailkatu zen (29:31) eta Gema Urdaniz 44.a (40:05). Txakurkros herrikoian David Neira eta Leire Ijea izan ziren azkarrenak. Patinen gaineko proban Imanol Cid izan zen lehena eta Juan Bautista Urtasun urdiaindarra bigarrena. Emakumezkoetan, aldiz, Ainara Elbusto gailendu zen. Bukatzeko, bikejoring edo bizikletan, Joseba Garcia Urkijo nagusitu zen (11:03). Igor Lanz arakildarra seigarrena sailkatu zen (16:07).
Sari ematea Etxarri Aranazko plazan egin zen. Kategoria bakoitzeko lehendabiziko hirurek jaso zuten saria, eta, horretaz gain, bertako produktuen loteak zozketatu ziren partaideen artean. Probak izandako arrakasta ikusita, txakurkrosak jarraipena izango duela pentsatzekoa da. “Partaideak oso gustura ibili ziren eta ibilbidea goraipatu zuten. Izandako akatsak identifikatu beharko ditugu, hobetze aldera, baina litekeena da aurrera egitea eta halako proba gehiago antolatzea” aitortu du Igor Artiedak.