San Donato futbol zelaiak Etxarri Aranatz eta Lakuntzako Lagun Artearen arteko derbia hartu zuen igandean. Euriaren eraginez, pisua zegoen zelaia. Bi taldeek ongi ekin zioten partidari. Etxarri hasi zen partidaren batuta hartzen, baina ez zuen aparteko arriskurik sortu. Eta Lagun Artea hobekien zegoenean, Etxarriko Alainek gola sartu zuen. Bigarren zatian Etxarrik dominatu zuen. Hainbat aukera izan zuten gorritxoek, eta horietako batean, partida despeditzeko 20 minuturen faltan, Andonik etxarriarren bigarrena sartu zuen. Lagun Artea saiatu zen eta hainbat aukera izan zituen, baina Etxarriko atezain Gorriz bikain egon zen. Tartean, lakuntzarrek jaurtikitako penalti bat gelditu zuen. Horrela, 2 eta 0 irabazita, jokoan zeuden hiru puntuak Etxarrin geratu ziren.
Lagunak da preferente mailako liderra (27 puntu). Gure bi taldeek jaitsiera postutan jarraitzen dute. Lagun Artea 14.a da (10 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (9 puntu). Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 14an jokatuko da. Lagun Arteak Artajonés taldea hartuko du eta Aibarés taldearen kontra ariko da Etxarri Aranatz.