Asteburuan Binakako Txapelketako 4. jardunaldia jokatu da. Pilotari sakandarren arteko lehendabiziko lehia hartu zuen Labrit pilotalekuak. Ezkurdia eta Zabaleta, batetik, eta Martija eta Altuna, bestetik. Bi bikoak bina punturekin eta jokoan zegoen hirugarrena poltsikoratzeko zain.
Labriten ohiko giro beroa zela hasi zen partida. Bikain hasi zen Ezkurdia. Hainbat gantxori esker, 5 eta 2 aurreratzea lortu zuen arbizuarrak eta etxarrendarrak. Baina, gutxinaka, partida parekatuz joan zen. Martijak konfiantza hartu zuen eta behar zuen babesa eman zion Altunari. Gipuzkoarrari kosta egin zitzaion partidan sartzea, baina lortu zuenean, duen klasea erakutsi zuen. Zazpira berdintzea lortu zuten, eta horren ondotik Ezkurdia pilota erabakiorrak galtzen hasi zen. Zabaleta ez zebilen guztiz eroso atzean. Altunak bere erritmoa ezarri zuen eta 12 eta 18ko aldea lortu zuten gipuzkoarrak eta Etxeberrikoak.
Altunak pilota batzuk huts egin zituen partida bukaera aldera, baina larunbata ez zen Ezkurdiaren eta Zabaletaren eguna izan. Ez zuten egoera behar bezala probestu. Horrela, azkenean Altuna III.ak eta Martijak 15 eta 22 irabazi zuten eta txapelketako hirugarren puntua lortu zuten. Altunak nabarmendu zuen Martijak partida oso ona egin zuela. Martijak, bere aldetik, aipatu zuen ongi sentitu zela partidan, “hasieran urduri, kosta egin zait partidan sartzea, baina gero disfrutatu egin dut”. Ezkurdiak eta Zabaletak ez zuten aurreko jardunaldian Bengoetxearen eta Larunberen kontra emandako maila eman.
Binakako hasierako ligaxkako 4 jardunaldi jokatu dira soilik. Momentuz ez da desberdintasun handirik. Altuna III.a-Martijak eta Olaizola II.a-Imaz bikoteek hiruna puntu dituzte, Victor-Albisuk, Elezkano-Rezustak, Urrutikoetxea-Galarzak eta Ezkurdia-Zabaletak bina eta Bengoetxea-Larunbek eta Irribarria-Merino II.ak bana. Oraindik asko dago erabakitzeko, 10 jardunaldi geratzen baitira ligaxka despeditzeko. Altuna III.ak eta Martijak Victor eta Albisu izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten. Laugarren puntua lortu nahiko dute lehenek; hirugarrena, aldiz, besteek. Asteazkenean aukeratuko dute materialea, 10:30ean. Bestalde, Ezkurdiak eta Zabaletak Pazko egunean jokatuko dute Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra. Bi bikoak bina punturekin, hirugarrena lortzeko gogotsu daude. Hortaz, lehia estua espero da.
Binakakoa. Sailkapena
3 puntu: Altuna III.a-Martija eta Olaizola II.a-Imaz
2 puntu: Victor-Albisu, Elezkano-Rezusta, Urrutikoetxea-Galarza eta Ezkurdia-Zabaleta
Puntu 1: Bengoetxea-Larunbe eta Irribarria-Merino II.a
Binakakoa. 5. jardunaldia
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Irribarria-Merino II.a (ostiralean, 18:00etan, Arrasaten. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Urrutikoetxea-Aretxabaleta (larunbatean, 17:00etan, Bilbon)
Victor-Albisu / Altuna III.a-Martija (larunbatean, 17:00etan, Iruñean. ETB1)
Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II.a-Rezusta (astelehenean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)