Hartu genezake perezaz, ilusio faltaz, edo eta atsekabez. Parisa? Lekutan dago! Zertara? Agian entzun izan dugu halakorik taberna iskineko elkarrizketa errazen batean. Beste modura ere irakur liteke pelikula: astebururo ehundaka senide eta lagunek egiten dutena ez dugu ba guk behingoagatik egingo! Eta abiatu gara Sakanatik.
Trenez gutxi batzuk, gehientsuenak autobusez. Irurtzundik batzuk, Lakuntzatik, Arakildik, Arbizutik, Etxarritik, Urdiaindik, Iturmenditik, Altsasutik, Olaztitik… Denak helburu bera. Orain presoak!
Luze bidaia. Hezurretako mina, autobusetako asentu puta horiek! Posturarik ezin hartu. Txoferrak ez du berogailua kontrolatzen. Orain beroegi. Derrepente hotzegi. Hiru ordu eta erdiro, geldialdia. Atera taperrak, tortillak, urdaiazpikoa. Eta ardo zatoa, klaro! Hotz termometroa, izotzak txuritutako paisajea bezala, baina bero barrena. Eta bero bihotzak!
Ia 11 orduko bidaiaren ondoren Parisen gaude. Hantxe zain, Orleansko atea, Montparnasseko tren geltokia, Sena ibaia, urrutitik ikusten den Eiffel dorrea eta… Iritsi gara! Entzun gaitzala Parisek. Holakoetan euskal herritarroi sartzen zaigun umiltasunezko harrotasun hori sentitzen dugu gure artean. Eta hala geunden. Euskal herritar bezala, senide, lagun eta solidario gisa. Presoak etxerako bidean jartzeko aukera gisa ulertuz Parisko mobilizazioa. Euskal preso eta iheslarien etxeratzeko bidean urratsak egiteko unea heldu dela sinistuz.
Eta hala bueltatu gara. Indarberriturik. Ilusioz. Zerbait mugitzen ari denaren sentsazioarekin. Zuhur, baina itxaropentsu. Zuhur, baina atzo baino indartsuago.
Herri aktibazioak puskatu ditzakeelako ezinezkoak diruditen paretak. Guztion ahalegin kolektiboak konponbidean jarri behar dituelako gatazkaren ondorioak eta azken batean elkarbizitza, giza eskubideen errespetua eta etorkizun baketsu eta iraunkor bat ezin direlako eraiki zauriak, ondorioak, preso eta iheslarien afera ez badira konponbidean jartzen.
Prest gaude! Sakanatik Parisa eta Paristik Bilbora. Urtarrilaren 13an beste zita garrantzitsu bat dugu Bilbon. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde baldin bazaude zatoz gurekin. Elkarrekin lortuko dugu!