Gabonen aurreko asteburuan ospatzen da Mendigoizale Eguna. 1964. urtean hiru mendizale nafar hil ziren arrazoi ezberdinengatik eta urte horretan hiru mendizaleak gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren. Hurrengo urtetik aurrera oroimen ospakizuna antolatzen hasi ziren, urtero, eta aurtengoa 52. Mendigoizale Eguna izan zen. Mendizaleek egutegietan gorriz markatutako zita, klub ezberdinetako mendizaleak bildu ziren, eurekin ez daudenak oroitzeko eta aspaldiko lagunak ikusteko, urtea despeditzeko ekitaldi bero eta berezian.
Uharte Arakildik, Lakuntzatik, Madotzetik, Lizarrustitik, Lekunberri aldetik… bide eta xenda ezberdinetatik igo ziren mendizaleak Aralarrera. Sakanako Mendizaleak Lakuntzatik atera ziren eta Larrañeta elkartekoak Etxarritik. Altsasuko Mendigoizaleak ere Aralarrera hurbildu ziren. Elurtuta, zuri-zuri zegoen Aralar. Gora helduta, goizeko 11:00etan mendizaleen meza izan zen: euren mendi materiala bedeinkatu, zendutako mendizaleak gogoratu eta Aralarko aingeruari musu emateko aukera izan zuten han bildutakoek. Ondoren, mendizaleak auzatean bildu ziren. Aurten Boscos eta Irurtzungo Iratxo klubek izan zuten eguna antolatzeko ardura. Salda beroa izan zen protagonistetako bat. 100 salda litro inguru banatu ziren. Horretaz gain, 30 txistorra kilo, 20 urdai kilo, 6 gazta kilo eta 100 ogi barra prestatu zituzten. Kanpoko hotzari aldean, epela eta beroa zen aterpearen giroa. Aspaldiko lagunekin biltzeko hitzordu paregabea, “aspaldiko, zer moduz?” esaldia zen entzunetako bat.
Jesus Mari Feliu izan zen Mendizale Eguneko sustatzaileetako bat. “Anaitasun zita hau mantentzea garrantzitsua da, eta ekitaldira belaunaldi berriak batzea” zioen mendizale beteranoak. Eta beharrezkoa da, Aralarren bildutako mendizale gehienak beteranoak baitziren. Baina baziren kimuak, beteranoen ondoan, Mendillorriko Mendiz Mendi taldeko 28 neska-mutil baitzeuden, 10 eta 16 urte artekoak, mendizaleen etorkizuna.