Sakanako herri kirolarien festa

Guaixe 2017ko abe. 18a, 15:44

Ziordiak hartu zuen Sakanako Herri Kirol Jardunaldia. 40 herri kirolari inguru aritu ziren lanean

Gabonak baino lehen Sakanako Herri Kirol Jardunaldia antolatzen du Sakanako Mankomunitateak, Sakanako herri kirolarien laguntzarekin. Aurten Ziordiko frontoiak hartu zuen ekitaldia. Mank-ek sustatzen dituen Sakanako Aizkora Eskolan eta Sakanako Harri Jasotze Eskolan egiten duten lana zuzenean ikusteko aukera eskaini zuen jardunaldiak.

Guztira 40 herri kirolari eta laguntzaile aritu ziren herri kirol jardunaldian. Gehienak Sakanako aizkora eta harri jasotze eskolakoak, baina baita Sakanako aizkolariak eta ikastoletako herri kirol taldeetako soka tiratzaile eta trontzalariak ere. Saio eta erakustaldi politak eskaini zituzten. Hasieran Sakanako Harri Jasotze eskolakoen erakustaldia izan zen, eta ondoren sokatiran eta trontzan aritu ziren Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako neska-mutilak. Koxkol bilketan ezin izan ziren aritu lurra irristakorra zegoelako. Ondoren aizkolarien txanda iritsi zen. Hasieran, Erdoziatarren hiru belaunaldi aritu ziren elkarrekin: Juanito, Juanjo eta Jon Erdozia. Ondoren Sakanako Aizkora eskolako neska-mutilen txanda izan zen, segidan eskolako taldeak eta, bukatzeko, aizkolari nagusiak. Eta harri jasotzean ere erronka izan zen:  Alvaro Zugarrondok 125 kiloko koadroa 3 minututan hainbat aldiz altxatu zuen. Eguna primeran bukatzeko, Ziordiko Urbasa jatetxean bazkaltzera bildu ziren herri kirolariak.

Sakanako Herri Kirol Jardunaldiko partaideak:
Aizkora Eskola: Iraide Bergara Mundiñano, Mikel Razkin Orobengoa, Beñat Jauregi, Eneko Pagola Azkarate, Josu Jaka Parrizas, Ander Jaka Parrizas, Ander Albarracin Laino, Joan Goikoetxea Agirre, Aritz Oiarbide Erdozia, Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso eta Eñaut Oiarbide Erdozia. Laguntzen eta parte hartzen: Juanito Erdozia Mauleon eta Juanjo Erdozia Ulaiar.
Aizkolariak: Goizeder Beltza, Ivan Resano, Arkaitz Jauregi, Juanjo Lopez Azpilikueta eta Angel Eraso.
Harri jasotzaileak: Alvaro Zugarrondo, Jabier Iribarren eta Patxi Iribarren. Laguntzen: Mikel Lasarte.
Sokatira eta trontza: Unai Irigoien, Aritz Ulaiar, Naroa Barriola, Ekhi Olabide eta Aitor Ovejero, Peio Altzelai, Amaiur Arratibel, Lucia Navarro, Aratz Mariñelarena, Iraitz Zubeldia, Asier Mendinueta, Elai Gomez eta Uxue Biain. Laguntzen; Jon Lagos eta Jexux eta Mikel Senar irakasleak.
Aurkezlea: Jon Erize.
Epailea: Oskar.
Antolaketako laguntzaileak: Jesus Mari Artza Bergerandi eta Juanito Erdozia.