Sakanako Atletismo Kopa: Beunza eta Audikana Txapeldun

Guaixe 2017ko abe. 19a, 14:53

Sakanako Herri Lasterketako sakandarren podiuma: Beunza, Lopez, Aurdikana eta Garcia de Eulate tartean.

Sakanako Mankomunitateak Lasa Kirolaken babesarekin antolatutako Kopako sariak ilbeltzean banatuko dira

Sakanako Mankomunitateak Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin eta Lasa Kirolaken babesarekin antolatutako Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak baditu txapeldunak.
Aurten 5 lasterketek puntuatzen zuten kopan: IV. Ziordiko Herri Krosak (maiatzak 20), Bakaiku-Iturmendiko XIV. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 10), Ergoienako XIV. Birak (irailak 23), Sakanako XVII. Herri Lasterketak (urriak 21) eta Barrikarteren XXXVII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8, Altsasu). 


Kopa Olaztira
Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatu dute, emakumezkoek eta gizonezkoek. Emakumezkoetan Izaskun Beunza Azazeta olaztiarra izan da txapelduna, Ginesa Lopez Cid altsasuarraren eta Leire Estarriaga Navarro etxarriarraren aurretik. Eta, gizonezkoetan, Raul Audikana Arrese olaztiarra gailendu da, Sergio Garcia de Eulate altsasuarraren eta Francisco Javier Gomez Fernandezen aurretik.

Ilbeltzaren bukaeran banatuko dira sariak. Txapeldunek 80 euro jasoko dituzte kirol materialean, Lasa Kirolak dendaren eskutik; bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro. Horretaz gain, Kopako bost probatan parte hartu duen Santi Agirre Galarzak sari bat jasoko du.