Aurreko ostegunean 2018ko Movistar Team taldea aurkeztu zuten Madrilen, Telefonicako egoitzan. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak aurkeztu zituzten, 33 txirrindulari guztira, 25 gizonezko eta 10 emakumezko.
Eusebio Unzuék eta Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzenduko duten taldeko buruak izango dira Nairo Quintana, Alejandro Valverde eta Mikel Landa. Helburu nagusia Frantziako Tourra irabaztea izango da. Horrekin batera, galdutako lekua berreskuratu nahi du Movistar Teamek. Izan ere, 2017an Sky taldea izan zen talderik onena, eta aurreko hiru urteetan, aldiz, Movistar Team.
Imanol Erbiti arakildarra izango da taldeko luxuzko gregarioetako bat. 2018an profesional mailako bere 13. denboraldiari ekingo dio Erbitik, guztiak talde berean. Tropelean eta bereziki bere taldean izugarri estimatzen dute Erbiti, gregario edo laguntzaile bikaina da, liderren ezkutari fidel eta nekaezina. Frantziako 8 Tourretan hartu du parte, Espainiako 10 Itzulitan, Italiako Giro batean eta Mundialetan 6 aldiz aritu da ibilbideko proban eta behin erlojupekoan. Bestalde, Rioko Olinpiadetan hartu zuen parte. Aurten, atzera ere, liderren laguntzaile fidelenetakoa izango da.
Bestalde, Jose Luis Arrieta uhartearra 2011 urtetik dabil Movistar Team taldean zuzendari lanetan. Hortaz, bere zazpigarren denboraldiari ekingo dio 2018an.