34 argazki bikote lehiaketara

Guaixe 2017ko abe. 20a, 15:24

Ostegunera arte eman daiteke gustuko argazkiaren aldeko botoa

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Sakana, iragana eta oraina argazki lehiaketara 34 argazki bikote aurkeztu dira. Haietako 24 A mailan aurkeztu dira, hau da, etxeko albumeko argazki zahar bat hartu dute eta eduki bera duen argazki bat egin eta lehiaketara aurkeztu dute. Etxeko albumean halako argazki zaharrik ez zutenendako SGAk www.sakanagaratzen.org web orrian bederatzi argazki proposatu zituen. Haiek oinarri hartuta 10 parte-hartzailek egin dute euren bikotea.

Lehiaketara aurkeztutako argazki bikote guztiak dagoeneko SGAren Facebook-eko profilean ikusgai daude. Hara sartu argazkiak begiratu eta gogokoenaren alde “atsegin dut” aukera sakatu daiteke. Ostegunera arteko epea dago botoa emateko. Bi mailetan “atsegin dut” gehien duten bost proposamenen artetik aterako dira sarituak. Baina sariak epaimahaiak emanen ditu. Bi mailetan sari berak izanen dira: Canon EOS 1300D reflex argazki kamera eta Sakanako produktuez osatutako eguberritako zarea.