Gipuzkoa zeharkatzen duen A-1 autobiak trafiko handia hartzen du, tartean nazioarteko ibilbidea egiten duten kamioi astunak. Autobia horretatik kamioien trafikoaren zati bat AP-1 eta AP-8 autobideetara bideratzea eta kamioi astunek A-1 autobiaren mantenuan laguntzea, horixe izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aspaldiko nahia. Europako 2011/76 zuzentarauaren arabera kontinentea zeharkatzen duen ardatzean dago A-1 autobidea eta haren mantentzea bidesarien bidez lortutakoarekin egin behar da.
Aipatu autobian 2010ean bidesaria jartzeko aukera aipatu zen lehenengoz. Eta, azkenik, ilbeltzaren 9an errealitatea izanen da. AT sistema indarrean jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak urtea hastearekin batera. Horretarako, Etzegaraten, Andoainen (Leitzarango Autobiako lotunea) eta Irunen arkuak jarri dituzte. Sistema adimendun bateko ibilgailuak arkutik pasatzen direnean, eta gelditu beharrik edo abiadura jaitsi beharrik izan gabe, salgaien garraiorako 3,5 tonatik gorako ibilgailuak detektatzen eta sailkatu, eta bidesaria kobratzen die VIA-T gailuaren bidez edo matrikula irakurrita. Halako gailurik ez duenak ibilgailua eta ordaintzeko era erregistratu beharko ditu.
Greba
Sistema berria indarrean sartzearekin batera Espainiako garraiolarien patronalak desadostasuna azaltzeko grebara deitu dute kamioilariak, ilbeltzaren 2tik 5era, Errege Egunaren bezpera. Gipuzkoan erosten duten gasolinarekin errepideen mantentzea finantzatzen dutela ziurtatu dute.
Tartea | Km | Kamioi handiak*/€ | Kamioi txikiak*/€ |
Etzegarate-Idiazabal | 7,45 | 2,93 | 2,36 |
Andoain | 2,2 | 0,69 | 0,56 |
Andoain-Astigarraga | 10,39 | 3,96 | 3,2 |
Gipuzkoa zeharkatzea | 6,89 | 5,56 | |
*Kamioi handiak 12 tonatik gorakoak dira, txikiak, berriz, 3,5 eta 12 tona artekoak. |