Hezkuntzako LOMCE legeak errebalidak ekarriko ditu eta haien maila zehazteko Hezkuntza Departamenduak pilotatze probak egiten ari da. Astelehenean Sakanako ikastoletako DBHko 1. mailako ikasleei egitekoak ziren. Ikasle Abertzaleak proba horien kontra protesta egitera deitu zituen ikasleak eta espainiar estatuak inposatutako hezkuntza sistemari planto! Ikasleria aurrera lelopean kontzentrazioak egin zituzten. Ikasle Abertzaleak-ek jakinarazi duenez, Andra Mari ikastolan ikasle batek berak ere ez zuen proba egin eta Iñigo Aritza ikastolan 15ek.
Ikasleen modura, bi ikastoletako irakasleek ere protesta egin zuten, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa gaurdanik iruten lelopean. LABetik azaldu dutenez, “familia gehienek erabaki zuten beraien seme-alabek ez zutela probarik eginen”. Sindikatuko ikastoletako delegatuek adierazi dutenez, “LOMCE jada aplikatzen ari bada ere eta egiten ari diren probak hasiera batean planteatzen zuten pisurik ez badute ere, lege arrotz horrek bere hasierako asmo zentralista, atzerakoi, segregatzaile eta antipedagogikoari eusten dio”. Hezkuntza sistema propioa eraiki beharra nabarmendu zuten, eta irizpideak eman zituzten: “ebaluazio sistema, hobekuntza eta ikaslearen ongizatea helburu, gertukoa, adostua, integrala eta integratzailea izan behar da”; gaineratuz, ikastoletan horretan saiatzen ari direla.