Agur 2017 korrikan

Guaixe 2017ko abe. 27a, 10:17

Altsasuko 39. San Silvestreaz eta 16. Olaztiko Lasterketaz gain, aurten estrainekoz I. Pikubestrea antolatu dute Irurtzunen

Abenduaren 31n zapatilak jantzi eta 2017. urtea korrikan despedituko dute sakandar askok. San Silvestre lasterketak probarik herrikoienak eta kuttunenak dira korrikalari gehienendako. Sakanan hiru lasterketa antolatu dira aurten: Altsasuko San Silbestreak 39. edizioa beteko du aurten. Nafarroako zaharrena da Altsasukoa. Olaztiko San Silbestreak, aldiz, 16. edizioa izanen du eta lehenengoz I. Pikubestre lasterketa antolatu du Irurtzunen Pikuxarrek. 



Altsasukoa, Nafarroako zaharrena

Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 39. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba, Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez. 



Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan

Abenduaren 31n, ligandearekin, arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Haurren kategoriakoek helduen proban parte hartuko dute, euren kasuan zirkuituari buelta bat emanez. Ondoren, helduen proba guztia osatu nahi badute, aurrera jarraitu dezakete. 



Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote. Aurten proba luzeagoa izango da, 4,6 km-etatik 5 km-ra borobildu baitu antolakuntzak. “Jende askok parte hartzen du San Silvestrean eta beti tapoia sortzen zen hasieran. Horregatik, aurten udaletxe paretik Zelai kalean gora eginen dugu, Aldasoro harategian buelta hartu eta ondoren ohiko zirkuituarekin bat egingo digu” adierazi digute Dantzaleku Sakanakoak.

Probako irabazleek txapela jantziko dute. Trofeoen ordez, lehendabiziko hirurek, gizonek eta emakumezkoek, Ford Gabirondok, Katealdek eta Hermanos Sayasek prestatutako loteak jasoko dituzte opari. 



2016an 578 korrikalari Altsasun

Aurreko urtean 578 korrikalarik parte hartu zuten San Silbestrean, 430 proba nagusian eta 148 txikietan. Altsasuko Sergio Garcia de Eulate eta Olaztiko Izaskun Beunza gailendu ziren. Antolatzaileek aurten ere urtea korrikan despeditzera animatu dute. 

Izena emateko: www.dantzalekusakana.com
Izena ematea dohainik da, eta Dantzaleku Sakanak web gunean izena emateko gomendioa egin du. Bestela, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 18:30ak arte.


Juntan aldaketak
Dantzaleku Sakana klubeko juntan aldaketak izan dira. Leyre Palacios da lehendakaria, Jone Pelaez lehendakariordea, Ginesa Lopez diruzaina, Maite Zornoza idazkaria eta Mari Gwen Davies, Gorka Garcia de Eulate, Aingeru Azazeta, Eusebio Vinagre, Mikel Goikoetxea eta Peio Bergara bokalak.


Olaztin lau kategoriako San Silvestrea

San Silbestre lasterketaren 16. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etatik aurrera, Sutegi elkarteak antolatuta. 16:30ean zabalduko da izena ematea, Olaztiko frontoian. Urtero moduan, 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km osatzeko, 19:00ak aldera abiatuko den lasterketan. Probak frontoia izango du irteera eta helmuga.
Giro polita izaten da Olaztiko proban. Bukaeran, kkategoria guztietan maila bakoitzeko lehen hirurek, emakumeek eta gizonezkoek, trofeoak jasoko dituzte eta korrikalari guztiei domina banatuko zaie, oroigarri. Lasterketak burutzen diren bitartean urdaiazpikoa zozketatuko da bildutakoen artean. 


I. Pikubestre, Irurtzunen

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak Pikubestre herri lasterketa antolatu du lehenengoz, San Silvestre irurtzundarra, hain zuzen. PikuGabonak egitarauaren barruan dago herri lasterketa eta abenduaren 31n ospatuko da, 16:00etatik aurrera, Gernika plazatik abiatuta.
Lehenik eta behin ume eta gazteen Pikubestreak jokatuko dira. Lehen txandan 6 urte bitarteko neska-mutikoak ariko dira (150 m), ondoren gaztetxoak, 6 eta 14 urte bitartekoak (300 m) eta, gainontzeko guztiek 16:30ean hartuko dute irteera, 4,2 km-ko Pikubestrea osatzeko. Herrian barna zirkuitu polita antolatu dute Pikuxarrekoek, korrikalariak behin eta berriz animatu ahal izateko.

Dohainik, oparia eta pintxo potea

Helburua ahalik eta partaidetza handiena lortzea denez, izena ematea doan izanen da, eta partaide guztiek saria jasoko dute helmugan. Horretaz gain, korrikalari guztien artean opari ederrak zozketatuko ditu antolakuntzak eta pintxo pote doakoa izanen da. “Urteari kirola egiten eta festa giroan agur esateko aukera ezin hobea da Pikubestre, eta bertan aritzera animatzen ditugu herritar guztiak” diote Pikuxarrekoek.
Izena ematea dohainik da, aurretik, http://xurl.es/PikubestreInscrip helbidean edo egunean bertan Pikuxarren.