Altunak eta Martijak 5 puntu eta Ezkurdiak eta Zabaletak hirugarrena lortu dute

Guaixe 2018ko urt. 8a, 12:01

Binakako 7. jardunaldian garaipen garrantzitsuak lortu dituzte pilotari sakandarrek. Ezkurdiak eta Zabaletak 10 puntutan utzi zituzten Victor eta Albisu eta Altuna III.ak eta Martijak 22 eta 19 irabazi zieten Irribarriari eta Merino II.ari

Binakako 7. jardunaldia gozoa izan da gure pilotariendako. Altuna III.ak eta Martijak euren bosgarren garaipena lortu zuten ostiralean Beotibarren, partida oso gogorrean Irribarriari eta Merino II.ari 22 eta 19 irabazi eta gero. Irribarria eta Merinoren estrategia Martija estutzea izan zen, eta Altuna ekiditea. Baina Etxeberrikoak sufritzen jakin zuen, bikain eutsi zuen, partidako onena izan zen eta atzeko koadroetan agintzen hasi zen. Partida orekatua izan zen, eta bukaera aldera Altunak partidan sartzeko aukera izan zuen, partida euren aldera eraman zuen eta, azkenean, berak eta Martijak 22 eta 19 irabazi zuten eta bosgarren puntu preziatua lortu zuten. Zalantzarik gabe, Martijak pausu bat eman du aurrera.

Bestalde, Ezkurdiak eta Zabaletak azkeneko bolada nahasiari buelta eman zioten eta euren benetako maila erakutsi zuten igandean Sorian, Victorri eta Albisuri 22 eta 10 irabazi eta gero. Ongi aritu ziren sakandarrak. Hasieratik hartu zuten aurrea. 2 eta 0 aurreratu ziren eta nahiz eta Victorrek eta Albisuk bina berdindu, hortik aurrera agintea hartu zuten sakandarrek eta konturatzera 13 eta 3 aurreratu ziren. Ezkurdiak 5 tanto lortu zituen sakez eta guztira 10 tanto egin zituen. Soilik 2 akats egin zituen. Eta Zabaleta bikain aritu zen atzean: bi tanto egin zituen eta osotara 4 akats egin zituen. Horrela, airea hartu eta sailkapenean atzean ez geratzeko urre balioa duen puntua lortu zuten sakandarrek, euren hirugarrena.

Binakako sailkapenean liderrak dira Altuna III.a eta Martija (5 puntu), Elezkano II.a-Rezusta eta Urrutikoetxea-Galarzarekin puntutara berdinduta. Olaizola II.ak eta Imazek 4 puntu dituzte, Ezkurdiak eta Zabaletak hiru eta Victor-Albisuk, Bengoetxea-Larunbek eta Irribarria-Merino II.ak bina puntu.

Hortaz, estu dago oraindik Binakakoa. Ostiralean Altuna III.ak eta Martijak euren lidergoa sendotu nahiko dute bi punturekin txapelketan aukerak izateko irabazi beharrean dauden Irribarria eta Merinoren kontura. Eta azken jardunaldian euren mailarik onena eman zuten Ezkurdiak eta Zabaletak bide beretik jarraitu nahi dute, baina larunbatean Labriten Elezkano II.a eta Rezusta dituzte zain; hauek ere garaipen garrantzitsua lortzetik datoz eta sakandarrei euren asmoak izugarri zailduko dizkiete. Hortaz, beste jardunaldi interesgarri baten atarian gaude.

Binakakoa. 8. jardunaldia
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Irribarria-Merino II.a (ostiralean, 20:00etan, Ultzaman. ETB1)
Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean 17:00etan, Labriten)
Olaizola II.a-Imaz / Urrutikoetxea-Ladis Galarza (larunbatean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)
Victor-Albisu / Altuna III.a-Martija (igandean, 17:00etan Eibarren. ETB1)