Greba

kolaboratzaileak

Gurean lan grebak, greba politikoak, elkartasun grebak, etab. ezagunak badira ere, greba hitzaren esanahi jasoa azaltzen hasiko naiz. Greba da pertsona edo talde batek presio soziala egiteko asmoz ekintza bat edo batzuk egiteari uztea, etetea, horren bidez helburu jakina lortzeko asmoz. Grebak sorrarazten dituzten arrazoiak ere asko dira; gatazkak, arrazoi politiko edota sozialen defentsa, interes edo eskubide ezberdinen aldarria, besteak beste.
Horrela, aurten ere badugu garaiz aurreikusitako greba bat, feminista, martxoaren 8koa, garai batean Emakume Langileen Nazioarteko Eguna deitua eta gaur egun langile hitza kenduta ezagutzen duguna. Nazioarteko greba horren prestakuntza dela-eta, azken egun horiei batzar-, prestakuntza- eta antolakuntza-feminista usaina dario. Mugimendu feministak, aurtengo Martxoaren 8an “planto” egitera deitu du. Lau arlo nagusi izango ditu grebak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba. Lan munduan egin diren greben arrazoiak produktiboak izan ohi dira, baina, greba honetan eskakizun erreproduktiboak ere aintzat hartu dira. Produkzioa (kalekoa, soldata baten truke egiten dena eta errekonozimendu soziala duena) eta erreprodukzioa (etxekoa, bizitzaren sostengua eta biziraupena bermatzen duten lan-eginkizunak) etetea  proposatzen duen greba berritzaile eta sortzaile honi WikiKedadaren batean tokia eman eta orain arte idatzirik ez dagoena jaso beharko da, generoaren bretxa gainditzeko bidean.
Iaz Latinoamerikako hainbat herrialdeetan antolatu zituzten grebei jarraipena emango zaio Euskal Herrian. Ordungo “Ni una menos, vivas nos queremos” garrasiari segida eman eta erronka berria izanen du aurtengoak, “Guztiok gelditzen bagara, sistema geratuko dugu”. Greba-gonbita eta deia emakume guztiontzat luzaturik dago, baina, ez da erraza izanen. Esan bezala kontsumoen greba proposatzen da; zaintza greba; emakume-neskak gauden eremuetan, hots, lan postuetan eta ikasleen guneetan; gaur eguneko eredu ekonomikoak, kulturalak eta sozialak, zanpatu egiten gaituelako. Imajina dezakezue zer gerta daitekeen, egun horretan bederen, lau arlo horietan emakumeak gelditu eta “gure” eginkizun guztiak egiteari uzten badiogu? Ni oraindik ez naiz kapaza emakumeok hain erroturik ditugun rol eta eginkizun guztietan “planto” ikusteko. Erronka handi baten aurrean gaude, guzti-guztiok geratzen bagara, sistema geratzen dela erakustarazteko.