Duela aste batzuk, eguzkiaren lehen izpien zain nengoela hondartza hutsean, mutiko argal bat agertu zen. Bere berokia lurrean ipini eta gerturatu zen uretara, ni atzean utziz, nire presentziaz ohartu gabe. Bertan geratu zen luzaroan, zerbaiten zain edo begiradan galduta.
Ilehoria zelako, iletxuria ia, bururatu zitzaidan atzerritarra izango zela. Hotzak nire eskuak estutzen zituen artean, berak ez zuen berokia jasotzeko imintziorik egin. Tente zegoen, geldirik, eta noizean behin begiak, bere buru gainetik igarotzen ziren kaioen atzetik alde egiten zitzaizkion. Eta bakarrik geratzen zenean, berriro itzultzen zen ortzemugara, hodeien atzean pizten ari ziren kolore nahastuetara.
Kaioak bertan zeuden, eta itsasoa, eta zerua, baina ni ez nengoen inon, ez ninduen behin ere begiratu.
Nik berriz, berari begira, eguzkiaren lehen imintzioak galdu nituen. Eta une hartan, besoak altxatu zituen mutilak, eta jertsea kendu zuen gainetik, eta kamiseta. Gero galtzak, galtzerdiak eta galtzontzilloak. Argal-argala zegoen, eta ezin zuriagoa zeukan azala. Begiak eguzkian josita murgildu zen uretan, eta norabide horretan ekin zion igeri egiteari.
Segituan itzuliko zela pentsatu nuen nik: ura hotza zegoen, eta neguko eguzki berri baina nekatuak, ez zuen gehiegi berotzen. Eguzkia hodeien atzean galdu zenean, bere burua ere galdu nuen nik urruntasunean. Zerua konplexua zegoen, nahas-nahasia, argi lotsatia bere atzean jolasten zuela.
Ordu erdia igaro zen agian, igerilaria itzuli baino lehen. Uretatik ateratzean akabatuta zirudien: gorputza dar-darka, sorbalda erorita, gainean zama jasangaitza eramango balu bezala. Motel mugitzen zen, lehenago bezala, baina oraingoan bere mugimenduak mingarriak ziruditen. Eta hala ere, luzaroan eutsi zion eguzkiari begirada, itsasertzaren alboan. Bertatik begiak kendu gabe jantzi zuen arropa, bere azken indarrak ahitzen bezala. Aurpegia itxuragabetua zuen, baina alde egin baino lehen, berriro altxatu zituen begiak eguzkirantz, eta ezpain bigunak irribarre ezegonkor batean hartu zuten indarra: azala hotz, begiak bero.