Mendia topaleku

Guaixe 2018ko urt. 9a, 15:46

Urteari agurra eta ongietorria mendian eman zioten gure mendizaleek

Egun seinalatuetan mendira jo dute gure mendizaleek, 2017 urteari agurra eman eta 2018 urteari ongietorria emateko. Urteko azken egunean irurtzundarrak Ergara igo ziren, lakuntzarrak Lakuntzaskoarrira eta altsasuarrak eta olaztiarrak Aizkorrira eta Balankalekura, besteak beste.

Elurteari aurre eginez, Beriainera eta Bargagainera
Errege Egunean Sakanako Mendizaleak taldekoek Beriainera jotzen dute, eta aurten ere hala egin zuten, nahiz eta elurra mara-mara egin. 20 bat mendizale igo zen Beriainera, elur tartean. Eta urteko lehen igandean, tradizioari jarraiki, Altsasuko Mendigoizaleek Bargagainera jo zuten. Javier Zelaiak azaldu digunez, 30 kide inguruk egin zuten bat Bargagainen. “Bezperan jende asko egon zen elurragatik Etzegaraten harrapatuak gelditu zirenak laguntzen, eta horregatik ezin izan zuten Bargagainera igo. Baina igo ginenak oso gustura ibili ginen. Hotz handia zegoenez, ez genuen  goiko festatxoa eta hamaiketakoa egin, baina buelta polita egin genuen” adierazi digu mendizaleak.

Igandean Araotz-Oñate
Sakanako Mendizaleak taldeak txangoa antolatu du iganderako, ilbeltzaren 14rako. Araotz-Oñate mendi ibilbidea osatzea da proposatu dutena. Autobusa Irurtzundik aterako da igandean, goizeko 7:00etan, eta herriz herri izena eman duten mendizaleak hartuko ditu. Izena ematea ohiko tokietan egin behar da, bestela 639 11 76 31 telefonora hots egin daiteke.