Mendialdea Irurtzungo 12 orduko emakumeen torneoko txapelduna

Guaixe 2018ko urt. 10a, 12:07

Berriozarko taldeak 8 eta 0 irabazi zion Gasteizko New Team taldeari

Irurtzungo Guan taldeak Irurtzungo Udalaren laguntzarekin antolatuta, abenduaren 30ean jokatu zen II. Emakumeen Areto Futbol Txapelketa Irurtzungo kiroldegian. 9 taldek eman zuten izena eta 12 orduko torneoa izan zen.

Lehen multzoan Xota A, Gotxando eta Beti Kozkor taldea lehiatu ziren, bigarren multzoan The Mothers, New Team eta Lizarreria eta hirugarren multzoan Lekunberri, Altsasu eta Taka-Tiki. Ligaxka jokatu ondoren finalerdien txanda izan zen eta, azkenean, final handia. Finalera Berriozarko Mendialdea taldea eta Gasteizko New Team taldea iritsi ziren. “Pena izan zen Gasteizko taldeko neska bat lesionatu izana. Zazpi jokalarirekin egin behar izan zioten aurre finalari eta izugarri nabaritu zuten. Mendialdeakoek 8 eta 0 irabazi zieten. Ordura arte oso ikusgarria izan zen txapelketa, baina finalean Berriozarkoak iazko txapeldunen gainetik pasa ziren” aipatu digu Guan taldeko Iñaki Morillasek.

Hirugarren eta laugarren postuak zehazteko finala Xota eta Taka-tikik jokatu zuten, biak talde irurtzundarrak. Berdindu eta gero, penaltietan erabaki zen hirugarren postua eta Xotako neskak izan ziren txapeldunak. Hortaz, hirugarren eta laugarren postua etxean geratu ziren.

Sailkatu ziren lehen lau taldeek saria jaso zuten, eta, horretaz gain, Maite Villanueva jokalari hoberena eta Naiara Hernan-Gomez Jimenez atezain hoberena izendatu zituzten, biak Mendialdea taldekoak. Bestalde, final handiko atsedenaldian saski eder bat zozketatu zuten. “Sekulako giroa egon zen txapelketa guztian barna. Jende asko gerturatu zen eta partidak onak eta ikusgarriak izan ziren. Guztia atera zen ongi, ez zen aparteko arazorik izan, giroa bikaina… hurrengo urtean ere antolatzeko asmoz” aitortu zuen Morillasek.