Astean ordu bat. Nahi den jarduera eginez: kafea hartuz, pasiatuz, zinemara joanez, mendi buelta eginez… Nahi den horretan aritu, konpainiarekin. Eta euskaraz. Horixe da Mintzakide programaren martxa. Euskaldunak ezagutzeko, euskaraz hitz egiterakoan segurtasuna hartu nahi dutenak edo ikasketa prozesua belarria eginez edo mihia askatuz osatu nahi dutenendako eskaintza da. Dohainik.
Horren berri duten 75 sakandar daude ibarrean barna sortutako taldeetan. Inoizko marka handiena da. Gainera, hiru talde berri sortu dira. Batetik, Arakilgo Astelehen Zoriontsuak taldeak programarekin bat egin du. 2016ko martxotik hilean behin, astelehenetan, bildu izan dira. Sakanatik atera gabe oso bisita interesgarriak egin daitezkeela eta aukera horiek aprobetxatu nahi dituzte. Azkenekoan, Irurtzungo Montesori eskolatxoa ezagutu zuten.
Altsasun bertako euskalkia sustatzen du Altsun Eskuaz taldeak. Joan den ikasturtean euskalki ikastaroa izan zuten euskaltegian. Aurten, urdiaindar baten laguntzaz, Altsasuko euskara praktikatzera elkartzen dira. Astearen arabera ostegunetan edo ostiraletan elkartzen dira, 20:00etan.
Sortu berri den azken Mintzakide taldea Altsasun elkartzen da, Kaixo tabernan, astelehenetan 19:00etan. Altsasuko 4. Mintzakide taldea da eta 3 partaiderekin abiatu da, euskara praktikatu nahi duten bi pertsona eta laguntzeko prest dagoen euskaldun boluntario bat, talde guztietan bezala.
Izen ematea zabalik
Sakanako Mintzakidetik jakinarazi digutenez 11 talde daude gaur egun ibarrean: Arakilen 1, Irurtzunen 3, Arbizun 1, Urdiainen 1, Altsasun 4 eta Ziordian 1. Bakarren batek nahi izanez gero haietan sartu edo talde berria sortzeko aukera da. Horretarako, 600 682 024 telefonora hots egin edo AEK-k Altsasun duen Itsasi euskaltegitik pasa daiteke.