Euskarazko literatur sormena sustatzeko asmoz Iruñeko Udalak urtero antolatzen duen literatur lehiaketan bi sakandarrek hiru sari jaso dituzte. Narrazio laburren saria Izaskun Etxeberria Zufiaurrek irabazi du Eguna eta gaua besarkatzen ez direnean lanarekin. Sail berean 3. saria Nerea Balda Sanjuanendako izan da, Hitzordua lanagatik. Irurtzundarrak, gainera, poesia sailean, Maleta bete mundu sortarekin aipamen berezia jaso zuen.
Etxeberriak badaki zer den lehiaketa horretan saritua izatea 2017koa laugarren saria baitu. Azkeneko hori "erabat fikziozkoa da. Testuinguru desberdina, pertsonaiak ere. Protagonista emakumezko portugaldar bat da. Ondoren ezagutuko duen adiskide batek esango duen bezala: patuak edo zorteak eraman duen bidetik joan egin da, berak aukeratu gabe".
Guztia narrazioan eman du. "Elkarrizketak ere badira, baina zehar estiloan emanak. Erabat bata bestearen gainean idatzita,sortzen diren momentuetan. Nolabaiteko puzzle bat da: piezak lotzen doaz; irakurri ahala istorioa osatzen doa".
Etxeberriak azaldu digunez 2017an idazteko "beta handirik" ez du izan. Hala ere, Argako Mirandako lehiaketan bigarren saria eman zion Lur antzua idazlanak. Bestalde, Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar liburuan altsasuarraren narrazio bat dago. "Gonbidapena ilusio handiarekin hartu nuen. Aldi berean, nire burua ez nuen ikusten bilduma horretan. Bidali nuen narrazioa, gustatu, onartu eta hortxe dago".
Halakoek argitaratzeko tentazioa pizten dutela aitortu digu altsasuarrak; "eta lehendabiziko beroaldian are gehiago. Gero denbora faltagatik gehiago kostatzen da. Noizbait zerbait, behar bada, eginen dut". Orain ez du ezer esku artean. Bere burua idazle baino irakurletzat du, "gozatu egiten dut irakurtzen. Idazteak beste lan bat eskatzen du. Baina gero, emaitzak ikusita, gustura sentitzen da".
Sariak pareka
Baldak narrazio labur eta poesia atalean sari bana jaso du. Bietan eroso sentitzen den galdetu diogu eta esan digu garai batean poesia gehiago idazten zuela. "Orain narrazioan ere gustura nabil. Baina ez dakit zeinetan nabilen gusturago". Sortutako ideia adierazpide batekin edo bestearekin garatzea "denboraren arabera" egiten du:"narrazioak eserialdi luzeagoa eskatzen du. Poesiak, ideia sortu eta, agian, eserialdi batean poematxo bat idatz daiteke, nahiz eta gero bueltak eman".
Irurtzundarrak aitortu digu idaztea beti gustuko izan duela, "inoiz ez dut oso serio hartu". Gaineratuz, unibertsitate garaian gehiago idazten zuela, baina urte askotan ez duela ezer idatzi. Baina "gogoa" hor zegoen eta berriro heldu dio idazteari. Lehengo urtean Bergarako idazle eskolan izena eman zuen, "nire burua gustuko horretara behartzeko. Horren bitartez askoz gehiago idatzi dut".
Baldaren narrazioan hainbat urteren ondoren elkartzera doazen ikaskide ohiak dira protagonistak. "Guztiek gazteetako argazki bat jasotzen dute. Gertaera bat gogoratzen dute, bakoitzak bere modura. Badago pertsonaia misteriotsu bat bilerara ez doana-badoana. Eta bukaeran, elkartzen direnean,borobiltzen da dena: zehatz-mehatz jakiten da zer gertatu zen". Narrazioa "esperimentu moduan" hartu zuen eta sekuentzia laburretan garatu zuen kontakizuna. Argi agertzen da bakoitzaren izena.
Poesia sorta maleta gaia hartuta ondu du. Bi atal dituela azaldu digu Baldak. "Zati bat udan idatzi nuen, bidaiarien istoriotxoak dira Beste zatia maleta barrukoa, sentimenduak, bizipenak". Estilo librean idatzitako poema motzek osatzen dute saritutako sorta. "Horretarako joera izaten dut".
Jakinarazi digunez, garai batean Iruñeko lehiaketa horretan parte hartu zuen. 2017ko azaroan, bestalde, Bizkaiko foru liburutegiak antolatu zuen BizkaIdatz IX. Literatur Sariketan Zakur alderraiak lanarekin 2. saria eskuratu zuen.