Ezkurdia: "“Partida klabea da hau"

Guaixe 2018ko urt. 11a, 08:37

Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari larunbatean Ezkurdiak eta Zabaletak Labriten. Partida erabakigarria da sakandarrendako, laugarren puntua lortzea baitute jokoan, Binakakoan aukerak izaten jarraitzeko. Atzo aukeratu zuten materiala

Larunbateko partida erabakigarrirako materiala aukeratu zuten asteazkenean Joseba Ezkurdiak, Jose Javier Zabaletak Beñat Rezustak eta Danel Elezkanok. Hiru puntu dituzte sakandarrek eta bost aldiz, Rezustak eta Elezkanok. Beraz, Binakako txapelketan aukerak izaten jarraitzeko bere biziko garrantzia du partidak eta irabaztea ia derrigorrezkoa da sakandarrendako. Aurreko jardunaldian Victorren eta Albisuren kontra euren irudi onena ematetik datoz sakandarrak, eta bide berean jarraitu nahiko lukete. “Akaso gure partidarik onena izan zen, biok oso ongi jokatu genuen” adierazi zuen Ezkurdiak. Baina txapelketa bikaina egiten ari dira Elezkano eta Rezusta, eta ez dizkiete gauzak erraztuko.

“Partida klabea da hau; irabazten badugu Binakako borrokan sartuko gara; bestela, bidea zailduko zaigu” nabarmendu zuen Arbizuko aurrelariak. “Txapelketan paretsu gaude bikoteak; azken bi partidak alde gutxirekin irabazi ditugu eta une onean gaude, ezin gara kexatu” azaldu zuen, bere aldetik, Danel Elezkanok. Rezustak bikoaren une gozoa berretsi zuen. “Lehen itzuliaren balorazioa perfektua da. Hobetu dugu eta ezin gara hobeto egon. Borrokan jarraitu beharra dugu. Larunbateko partida oso garrantzitsua da, behean daudenekin tartea zabaldu dezakegulako. Galtzen badugu, aldiz, Ezkurdia eta Zabaleta gerturatuko zaizkigu. Labriten jokatzen dugu, eurei ongi doakiena, eta ea zer gertatzen den”.

Zabaletak aipatu zuen Binakako lehen itzulian denetatik izan dutela, partida kaxkarrak eta euren benetako maila erakutsi duten partidak. “Azken bi partidetan entxufatuta ibili gara eta ea bide horretan jarraitu ahal dugun. Baina Elezkanoren eta Rezustaren kontrako partida oso zaila izango da. Lehen itzulian euren kontra ez genuen gure maila eman. Larunbatean agintea hartu eta partida gogortu beharko dugu; horrela ateratzen zaizkigu ongi gauzak” aitortu zuen Etxarrengoak.

Hortaz, emozioa pil-pilean duen partida hartuko du Labritek. Ezinbestekoa. Ea sakandarrek ongi erantzuten duten.

Altunak eta Martijak gaur aukeratuko dute materiala
Altuna eta Martija une gozoan dabiltza. Binakako Txapelketako buruak dira, 5 punturekin, Elezkanorekin eta Rezustarekin puntutara berdinduta. Igandean Victor ordezkatuko duen Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari Eibarren. Partida erabakigarria da Laso eta Albisurendako, puntuen faltan baitaude. Eta, bere aldetik, Altuna III.ak eta Martijak lidergoa sendotu nahi dute. Beraz, galdu ezinezko beste partida bat da igandekoa. Materiala gaur aukeratuko dute, ostegunean, 13:30ean, Astelenan.