Igor Arrieta Euskal Herriko ziklokros txapelduna

Guaixe 2018ko urt. 11a, 11:56

Asteburuan Igor Arrietak eta Iker Mintegik Nafarroa ordezkatuko dute Legazpin jokatuko den Espainiako Ziklokros Txapelketan

Urtea bikain despeditu eta hasi dute ziklokrosean dabiltzan txirrindulari sakandarrek. Abenduaren 30ean Euskal Herriko Ziklokros Txapelketa jokatu zen Izarran (Urkabustaiz). Kadeteen mailan Aralar Txirrindularitza klubeko Intersport Irabia taldeko Igor Arrieta txirrindulariak maila bikaina eman zuen eta lasterketa irabaztea lortu zuen Uharte Arakilgoak (35:09), Ekin Amorebieta taldeko Aitzol Sasietari 16 segundo aterata. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegik ere lan ederra egin zuen eta 15.a sartu zen helmugara, 3:36ra (38:45). Hortaz, kadete mailako Euskal Herriko txapelduna dugu Igor Arrieta.

Urte hasierak ere bide beretik jarraitu du. Igandean, ilbeltzaren 7an, Ormaiztegiko XLVII. Ziklokros proba jokatu zen. Luyando Ganzedo taldeko Mikel Beraza izan zen azkarrena (25:29), Igor Arrietari 28 segundo aterata (25:57). Iker Mintegi bederatzigarrena sartu zen (29:53).

Asteburuan Espainiako Ziklokros Txapelketara
Nafarroako Txirrindularitza Federaziotik azaldu dutenez, Igor Arrietak eta Iker Mintegik, kadeteetan, eta Unai Esparza (Combostibles Galdeano), kadeteetan, ordezkatuko dute Nafarroako selekzioa asteburuan, ostiraletik igandera, Legazpin jokatuko diren Espainiako Ziklokros Txapelketetan. Ostiral arratsaldean taldekako erreleboak jokatuko dira eta larunbatean, tartean, gizonezkoen kadete mailako txapelketa.