Sakanako batua edo ibarreko euskara estandar lokalaren ezaugarriak ikasi nahi dutenendako ikastaroa da Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu duena. Izena ematen dutenek Sakanako batuaren ezaugarriak ezagutzeko aukera izanen dute. Koldo Zuazo Euskal Filologian doktorea eta hizkuntzalaria da saioak emanen dituena. Zuazok dioenez, "egokiago litzateke Euskal Herriko eremu bakoitzean, bertako hiztunei zuzendutako ahozko eta izkribuzko jardunetan, bertako hitzak, esapideak eta bereizgarri fonologiko, morfologiko eta sintaktikoak kontuan hartzea. Herri edo eskualde jakin bateko eskola, administrazio erakunde, hedabide, eta era guztietako ohar, mezu eta iragarkietan hiztunen gertuko hizkera erabiltzea litzateke zentzuzkoena".
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du ikastaroa eta irakasleei, hezitzaileei eta interesa duen edonori zuzenduta dago. Hilaren 17ko eguerdira arte eman daiteke izena 948 464 840 telefonoan edo euskara2@sakana-mank.eus e-postan. Sakanako batua ikastaroa doakoa da.