AHT ibilbide proiektua

Iruñea eta Gasteiz AHT bidez Sakanan barna lotu nahi lukete

Guaixe 2018ko urt. 12a, 08:48

Proiektua urtea bukatu aurretik onartu nahi lukete. Sustapen Ministerioak orain informazio publikorako aldia zabalduko du, erakundeek eta pertsonek alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horiek erantzun ondoren, Ingurumen Ministerioak ingurumenaren gaineko azterketa eginen du

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Abiadura Handiko Trenen (AHT) lotura Sakana puntarik-punta zeharkatuko duen ibilbidearen bidez eginen da. Hala jakinarazi zuen Sustapen ministro Iñigo de la Sernak asteartean. Hark azaldu zuenez, orain informazio publikorako epea zabalduko da. Denbora tarte horretan herritarrek hilabete izanen dute alegazioak aurkezteko eta erakundeek, berriz, bi hilabete. Behin alegazioak jaso eta gero, ministerioak bi hilabete izanen ditu haiek erantzuteko.

Tramite horren ondoren dokumentazioa Sustapen Ministeriotik Ingurumenekora pasako da, ingurumenaren gaineko azterketa egin dezan. Halako azterketak tartean direla, ministroa ez omen da datak ematearen zale, “txosten berriak eska ditzakeelako”, baina urtea horretan joan daitekeela gaztigatu zuen.

Aukerak
Sustapen ministerioak bost ibilbide zituen aukeran eta haietako bi baztertu egin ditu: E eta F  aukerak. Bietan ere AHT ibilbidea Arakilera sartzen zen eta Aralar mendia zeharkatzen zuten EAEko linearekin Beasainen eta Tolosarekin lotzeko. Proposamen horiek 1997koak dira eta baztertu dituzte Aralar mendian “geoteknika eta ingurumen arriskuak” ikusi dituztelako eta bi lineak lotzea teknikoki ez delako posible. Hiru administrazioak 2011ko otsailean sinatutako protokoloaren ondoren linean Ezkion edo Gasteizen lotzeko aukerak sortu ziren.

Bi hiriburuen arteko ibilbidea modernizatzea ere aztertu du ministerioak: trenbidea bikoiztea, 25 KVko elektrifikazioa eta abiadura homogeneoa lortzeko ibilbidean aldaketak egitea. Baina aukera hori ere atzera bota du, “ibilbide irizpideek ez dutelako ahalbidetzen bidaia denbora egokiak lortzea”. Horrekin batera, “gaitasuna galtzen da eta etorkizuneko linearen mantentze operazioa izugarri zailtzen da”.

Horregatik, bi H eta V aukeren artean erabaki beharra zuen ministerioak. Lehenengoan AHT ibilbideak Lakuntza parean Aralarrerantz joko luke eta Aralar mendia zeharkatuz Ezkiora iritsiko litzateke. Horrek alde du ingurumenaren gaineko eragina txikiagoa duela. Baina kontra kostu handia duela, tunel luzea egin behar dela (arrisku geoteknikoak egon litezke) eta zubi ugari egin behar dira.

Bigarren aukerak, berriz, Sakana puntatik puntara zeharkatzea du. Eta Sustapen Ministerioak horren alde egin du honako arrazoiengatik: ibilbide gehiena lur gainean delako eta horrek lanak asko errazten dituelako; lanak merkeagoak direlako; funtzionala delako eta linearen esplotazioagatik. Kontra du ingurumenean eragin handiagoa duela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez,  Ezkioko aukera “oraindik” ez dute “baztertzen”.

 

Nafarroa eta EAEko AHT sareak lotzeko aukeren datuak
  Gasteizen lotzea Ezkion lotzea
Kilometroak 74,8 55,1
Tunel km-ak 5,8 30
Tunel luzeena 1,9 21
Arakil gaineko zubiak 4 8
Zubiak 15 17
Zubi metroak 1800 3200
Ministerioaren puntuazioa* 80 116
Kostua milioitan (BEZ kanpo) 580 1705
*Puntuazio txikiagoak ingurumenaren gaineko eragin txikiagoa adierazten du



Ibilbidea
Ministerioak aztertutako bi aukeretan hasierako zatia, Irurtzungo saihesbidea, berdina da. 11 km-ko luzerako ibilbidea da eta haietatik 3,8 Bizkaia mendia azpitik zeharkatzeko tunela lirateke. Egungo tren ibilbidearekin alderatuta 3 minutu azkarrago eginen luke bidea trenak. Aurrekontua, berriz, 194 milioi eurokoa litzateke, BEZa kanpo.

Aukeratutako ibilbidean trenbidea tuneletatik atera eta Errotz mendebaldetik pasako litzateke. Izurdiaga hegoaldetik Arakil gainetik pasa ondoren Etxarrenerantz joko luke, Sakanako Autobiaren (A-10) parera. AHTren linea ibarraren hegoaldetik, autobiaren paretik, Etxarri Aranatzeraino joanen litzateke. Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen egungo trenbidearen eta herrien arteko espaziotik joanen zen Altsasu parean, berriz ere, autobiaren hegoaldera pasatzeko eta horrela Ziordira joanen litzateke.

 

Nafarroako eta EAEko AHT loturak eta hirien arteko denborak
  Gasteizen lotzea Ezkion lotzea
Iruñea-Gasteiz 30 minutu 36 minutu**
Iruñea-Donostia 62 minutu* 44 minutu***
Iruñea-Bilbo 56 minutu* 40 minutu**
* Gasteizen gelditu gabe
** Ezkion gelditu gabe.
*** Ezkion gelditzea eskatzen du


Ikuspegi desberdinak
Sustapen Ministerioaren txostenaren aurkezpena Gobernu Ordezkaritzaren Iruñeko egoitzan egin zen. AHTren aldeko dauden UPN, PSN eta PPko ordezkariak han izan ziren. Geroa Baiko kideak ere izan ziren. Aurretik azaldu zutenez, “jarrera kritikoarekin” joanen zirela. Izan ere, Nafarroako Gobernuari eusten dion laukoarendako asteartekoa “propaganda ekintza” zen. Geroa Baitik “errealitateak, datak eta aurrekontu konpromisoak” eskatu zituzten.

Tren Sozialaren Aldeko Plataformak kontzentrazioa deitu zuen egoitzaren parean. AHTren inposizioari ez, herriak erabaki leloa zuen pankarta zabaldu zuten. Eta haiekin bat egin zuten EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Proposatutako tren ereduarekin kritiko azaldu ziren hirurak.

Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak “inposiziotzat” jo zuen Espainiako Gobernuaren erabakia: “egungo trenbidea hobetu liteke, hainbesteko kaltea eragin gabe”. Fundaziotik azaldu zutenez, mahai gainean dagoena “UPN/PSNek planteatutako proiektu bera da. Ez dute deus aldatu. Ez da deus aldatu ez gardentasunean, ez errentagarritasun ekonomikoan, sozialean edo ingurumenezkoan… ”. Proiektuak Altsasuko geltokia desagerraraziko lukeela gaztigatu zuen.