Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna-Martija elkarren kontra ariko dira ostegunean Mungian

Guaixe 2018ko urt. 15a, 12:27
Pozik daude Altuna eta Martija.

Altuna eta Martija 6 punturekin lider dira eta Ezkurdia eta Zabaletak derrigorrezkoa dute irabaztea, 3 puntu baitituzte

Binakako Pilota Txapelketako 8. jardunaldian txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte gure pilotariek. Ezkurdiak eta Zabaletak partida oso garrantzitsua zuten larunbatean Labriten Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra. Laugarren puntua lortzea nahi zuten sakandarrek, sailkapeneko goialdetik gertu egoteko. Eta seigarrena, aldiz, Elezkano II.ak eta Rezustak, Altunari eta Martijari lidergoa kentzeko.

Tanto eskas batengatik
Labrit goraino betea zegoela, zaleak sakandarren alde zeudela eta sekulako giroarekin hasi zen partida. Sakandarrak hasi ziren aurreratzen, baina aldeko tantoak eta akatsak tartekatu zituzten, Elezkano II.ari eta Rezustari airea emanez. Inork ez zuen aparteko alderik ateratzea lortu Ezkurdia partidan sartu arte. Arbizuarra bikain hasi zen jokatzen eta atzeko koadroetan Zabaleta agintzen hasi zen. Horrela, 11 eta 6 eta 16 eta 11 aurreratu ziren sakandarrak. Baina Elezkanok egindako dejada bikain baten ondoren partidari buelta ematea lortu zuten urdinek. Banaka banaka tantoak pilatzen hasi ziren eta 7 egin zituzten segidan, 16 eta 18 aurreratu arte. Aldageletatik pasa ondoren, Ezkurdiak eta Zabaletak partidari buelta eman zioten eta 20 eta 19 aurreratzea lortu zuten. Baina Zabaletak bi akats egin zituen segidan eta 20 eta 21 aurreratu ziren Elezkano eta Rezusta. Ezkurdiak, dejada batekin, 21era berdintzea lortu zuen eta azken tantoak erabaki zuen. Bombonera guztia tente zegoen Ezkurdiaren sakea animatzen eta Elezkanok eta Rezustak bi pilota gaizto onera itzuli zituzten. Tamalez, Ezkurdiak bolea huts egin zuen eta jokoan zegoen puntua Elezkanok eta Rezustak lortu zuten, Ezkurdiaren eta Zabaletaren zorigaiztorako. “Abantaila ona izan dugu, baina buelta eman diote eta ordura arte ez dugu erantzuten jakin” adierazi zuen Zabaletak. “Zortea alde izan dugu gaur ere, baina ederki lan egin dugu ere” zihoen, bere aldetik, Elezkanok.

Martijaren maila ona
Eta txanponaren beste aldean, Altuna III.ak eta Martijak 22 eta 13 irabazi zieten Lasori eta Albisuri eta Binakako txapelketako lidergoari eustea lortu zuten. Partida serioa egin zuten Altunak eta Martijak, apenas akatsik gabekoa. Laso eta Albisu Altuna ekiditen eta Martija estutzen saiatu ziren hasieratik, baina akatsak pilatu zituzten eta Altunak eta Martijak ongi erantzun zuten. 13 eta 5 aurreratu ziren Aspekoak. Pilota aldatuta, 13 eta 10 gerturatu ziren Asegarcekoak, baina ilusioa besterik ez zen izan, Aspekoek agintea hartu eta 22 eta 13 irabazi baitzuten. “Bere lehendabiziko torneoa izateko, harrituta nago Martijak duen heldutasunarekin. Asko lagundu nau” azpimarratu zuen, partida bukaeran, Altunak. Izan ere, Etxeberrikoa sekulako maila ematen ari da. “Emaitzagatik pentsa daiteke irabaztea erraza izan dela, baina ez da hala. Partida guztiak dira zailak” nabarmendu zuen, bere aldetik, arakildarrak.

Sakandarrak elkarren kontra
Binakako sailkapenean Altuna III.a-Martija dira liderrak (6 puntu), Elezkanorekin eta Rezustarekin puntutara berdinduta. Olaizola II.a-Imazek eta Urrutikoetxea-Galarzak bosna puntu dituzte eta Irribarria-Merino II.ak eta Ezkurdia Zabaletak hiruna puntu. Bukatzeko, Unai Laso-Albisuk eta Bengoetxea-Larunbek bina puntu dituzte.

Ostegunean sakandarren arteko partida hartuko du Mungiak, 17:00etan. Guztiz kontrako egoeran daude biak: Ezkurdiak eta Zabaletak irabaztea derrigorrezkoa dute, izugarri zaildu zaielako txapelketa. Eta Altunak eta Martijak lidergoa sendotzen jarraitu nahi dute. Hil ala biziko beste lehia baten aurrean gaude, beraz.

Binakakoa. 9. jardunaldia
Ezkurdia-Zabaleta / Altuna III.a-Martija (ostegunean, 17:00etan Mungian)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, 17:00etan Labriten. ETB1)
Urrutikoetxea-Ibai Zabala / Irribarria-Merino II.a (igandean 17:00etan Legutianon. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Laso-Albisu (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)