Lagun Arteak irabaziz eta Etxarrik galduz hasi dute urtea

Guaixe 2018ko urt. 15a, 14:43

Argazkia: Etxarri Kirol Elkartea.

Preferente maila. 15. jardunaldia: Lagun Artea 2 – Artajonés 1 / Aibarés 1 – Etxarri Aranatz 0

Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren itzuli da preferente mailako liga. Lakuntzan, Lagun Arteak eta Artajonesek Itxesaldeko zelai zaharrean jokatu behar izan zuten partida. Bi taldeek lehia oso borrokatua izan zuten eta lehen zatian lakuntzarrek dominatu zuten. Zubiriak sartutako golarekin atsedenaldira joan ziren, eta bigarren zatia hasi eta berehala txurien bigarren gola sartu zuen Cruzek.   Artajonés saiatu zen, baina ez zuen Lagun Artea fundamentuz estutu. 80. minutuan Artajonesek gola sartu zuen eta hortik aurrera partida dominatzera pasatu zen, baina Lagun Arteak ongi eutsi zuen eta 3 puntuak etxean geratu ziren.

Bestalde, Oibarren jokatu zen Aibarés eta Etxarri Aranatzen arteko partida. Ez zen partida ona izan. Lehen zatian ez zen inor gailendu; bigarren zatian Aibarés garaipena lortzera atera zen eta Etxarri estutu zuten; hala ere, ez zuten baloia Etxarriko atean sartzea lortu, Ivan atezaina, zurtoina eta beste zirela medio. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, baloiak langa jo zuen eta Aibarések gola sartu zuen, azken minutuan, etxarriarren zorigaiztorako. Aipatzekoa da arbitroak ez zuela txartelik atera.

Preferente mailako lehen multzoko liderra Lagunak taldea da (31 puntu). Lagun Artea 13.a da (14 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (9 puntu). Asteburuan Aibaresen kontra ariko da Lagun Artea, Oibarren, eta Mutilbera B izango du aurkari Etxarri Aranatzek.

Erregional mailan Altsasuk atseden
Erregional mailan Altsasuk atseden jardunaldia zuen. Sailkapenean Lagunak B taldea da liderra (28 puntu) eta Altsasu seigarrena da (20 puntu). Asteburuan sailkapenean zazpigarrena den Aurrera taldearen kontra ariko da Altsasu, Leitzan.