Josu Etxeberriak Espainiako Kopako bigarren postuari eusten dio

Guaixe 2018ko urt. 16a, 11:33
Josu Etxeberria, Bakarne Gonzalez eta Martxel Etxeberria, Galapagarren. Argazkiak: Nafarroako Txirrindularitza Federazioa.

Josu eta Martxel Etxeberria anaiak eta Bakarne Gonzalezek Espainiako Pista Irristaketa Kopako bigarren proban parte hartu zuten, Galapagarren

Asteburuan Pistako Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen Galapagarren. Nafarroako Pista Txirrindularitza selekzioarekin hiru sakandar aritu ziren: Iosu Etxeberria eta Martxel Etxeberria anai iturmendiarrak, Aralar klubeko Intersport Irabia taldekoak biak, eta Bakarne Gonzalez altsasuarra. Iosu eta Bakarne junior mailan lehiatu ziren eta Martxel, aldiz, kadeteetan.

Lan polita egin zuten hirurek. Galapagarreko jardunaldiko azkeneko sailkapenean, junior mailako emakumezko fondistetan Euskadiko selekzioko Izarne Maioz izan zen onena (38 puntu) eta Bakarne Gonzalez Aldasoro altsasuarra seigarrena (7 puntu). Eta kadete mailako gizonezkoen fondista onenen sailkapenean, Euskadiko Asier Pozo gailendu zen (40 puntu) eta Martxel Etxeberria 22a sailkatu zen. Junior mailako gizonezkoen fondista onenen sailkapenean Madrilgo selekzioko Javier Serrano izan zen finena (34 puntu) eta Josu Etxeberria iturmendiarra hirugarrena sailkatu zen (26 puntu).

Gauzak horrela, Espainiako Kopako bi jardunaldi jokatuta, sailkapen orokorrean junior mailako emakumezko fondisten mailan Bakarne Gonzalez 7.a da, kadeteen gizonezkoen fondisten mailan Martxel Etxeberria 26.a eta juniorren mailako gizonezkoen fondisten mailan Josu Etxeberria bigarren postuan dago, Madrilgo Javier Serrano liderrarekin puntutara berdinduta (26 puntu).