Arrieta zazpigarrena eta Mintegi hamaikagarrena Legazpin

Guaixe 2018ko urt. 16a, 13:38
Argazkiak: Nafarroako Txirrindularitza Federazioa.

Espainiako Ziklokros Txapelketan maila bikaina eman zuten Nafarroako selekzioan aritu ziren sakandarrak

Asteburuan Espainiako Ziklokros Txapelketak jokatu ziren Legazpin. Euria, hotza eta lohia ez dira falta izan. Nafarroako selekzioarekin bi sakandar aritu ziren: Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Igor Arrieta uhartearra eta Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi altsasuarra, biak kadete mailan.

Larunbatean jokatu zen gizonezkoen mailako kadete mailako lasterketa. Berez gogorra den zirkuitua guztiz lokaztua zegoen eta lan gogorra egin behar izan zuten txirrindulariek. Zapore gazi-gozoa utzi zuen probak. Igor Arrieta lasterketako aurrealdean egon zen hasieran, baina matxura mekaniko batengatik domina lortzeko borrokagatik kanpo geratu zen Uharte Arakilgoa. Azkenean, Kantabriako selekzioko Alain Suarezek irabazi zuen (32:10), Igor Arrieta zazpigarrena sailkatu zen (34:38)  eta Iker Mintegi 11.a (35:57). Lan bikaina egin zuten sakandarrek, baina podiuma zapatzeko penarekin geratu ziren.