Azanzaren Euskadi aurkeztu zen astelehenean

Guaixe 2018ko urt. 17a, 09:30

Movistarreko Mikel Landa presidente duen Euskadi Fundazioaren nahia egun maila kontinentalean dagoen talde laranja “gorenean” ikustea da

Astelehenean Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu zuen bere burua Euskadi Fundazioa talde profesional kontinentalak. Afizionatuen mailatik profesionalera egin du salto taldeak, eta egun Movistar Team taldeko txirrindularia den Mikel Landa da fundazioaren presidente berria. “Miguel Madariagak erreleboa behar izan duenean errelebo hori emateko beharra sentitu dut. Erronka handia da, maila emango ote dudan ala ez, presio hori sentitzen dut, baina amets bat daukat: Euskadi Fundazioa gorenean ikustea” azaldu zuen Landak. “ Euskadi Fundaziorik gabeko txirrindularitza ez dut ulertzen. Tourrera joan izan naiz, marea laranjarekin, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak animatzera. Bide batez, ibilbide guztian txirrindularitza proiektu hau babestu duten enpresei eta instituzioei eskerrak eman nahi dizkiet, eta baita ere beheko kategorietan lan gogorra egiten duen jende guztiari ere, euskalduna munduko harrobirik onena egiten dutelako” nabarmendu zuen.

Mikel Landak, Orbeak eta Etxeondok babestuko dute Euskadi Fundazioa, besteak beste. Jorge Azanza txirrindulari ohi altsasuarra, orain arte amateur mailako Euskadi Fundazioko zuzendaria zena izango da maila kontinentaleko taldea zuzenduko duena. 12 txirrindulariko plantilla du bere agindutara: Ricardo Garcia, Jon Ander Insausti, Peio Goikoetxea, Egoitz Fernandez, Iker Azkarate, Txomin Juaristi, Mikel Alonso, Ibai Azurmendi, Gotzon Martín, Diego López, Marc Buades eta Juan Antonio Lopez Cozar. Hauetatik 6 igo dira Euskadi Fundazioa talde amateurretik, eta beste 3 beste talde amateur batzuetatik. Hortaz, Euskadi Fundazioak 9 amateurrei eman die profesionaletara  salto egiteko aukera.

Maila kontinentalari tamaina hartzea
Jorge Azanza zuzendari altsasuarra pozik zegoen aurkezpenean. Nabarmendu zuenez, amateur mailatik profesionalera egin duten salto honetan, kategoria berriari tamaina hartzea da helburu nagusia. “Urtea ahalik eta modu hoberenean hasi nahi dugu, baina, bereziki, taldea profesional mailako kategoria berrira egokitzea izango da helburu nagusia. Txirrindulari gehienak berriak dira maila profesionalean, hiru izan ezik. Hortaz, beteranoek, Mikelek, nik neuk eta staff guztiak lagunduko diegu, ahalik eta hobekien egoki daitezen lan egingo dugu. Hori da gure eginbeharra, pausuak ematen jarraitu, proiektu hau sendotu eta etorkizunerako hazten jarraitu dezan”. Altsasuarrak nabarmendu zuen ez dutela presarik. “Gauzak ongi egitea da gure helburu nagusia, ikasten jarraitu eta kategoriari tamaina hartu. Txirrindulari hauetatik 9 nirekin ibili dira ni zuzendari nintzela eta beste 3 jubenilak zirenetik ezagutzen ditut. Harreman eta batasun handia dago eta horrek gauzak erraztuko ditu” aitortu zuen aurten erronka polita duen Jorge Azanzak. Izan ere, berak ere profesional mailan zuzendari bezala debutatuko du, orain arte talde afizionatua zuzendu baitu.

Urtasun eta Arrieta
Jorge Azanzaz gain, beste bi sakandar ditugu txirrindularitza talde profesionaleko zuzendariak. Pablo Urtasunek Team Ukyo talde japoniarreko zuzendari lanetan jarraituko du eta Jose Luis Arrietak ere ekin dio 2018 denboraldiari, Movistar Team taldeko zuzendari lanetan.