Aspeko pilotari guztiek Merino babestu dute

Guaixe 2018ko urt. 17a, 10:29
Binakako Txapelketaren aurkezpena. Tartean daude Merino, Ezkurdia, Zabaleta eta Martija.

Materiala kritikatzeagatik 601 euroko isuna jarri dio EPEL-ek pilotari errioxarrari eta elkartasuna adierazteko Aspeko pilotari guztiek isuna ordaintzea erabaki dute

David Merino pilotari errioxarrari isuna jarri dio Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL), abenduaren 29an materialaren inguruan egindako adierazpenengatik. Merino II.ak Asegarcekoek erabilitako pilota bat “antipilota” zela adierazi zuen, oso motea, “hirugarren, bosgarren edo seigarren mailakoa”. EPEL-en iritziz “larriak” izan ziren adierazpen horiek eta araudia aplikatuz, 601 euroko isuna jarri zioten Merinori. Aspeko pilotarien plantillak, 23 pilotariek, bere kidea babestea erabaki du eta guztion artean ordainduko dute isuna, Merinori elkartasuna emateko. Tartean daude Ezkurdia, Zabaleta eta Martija. “Guztiongatik da. Gure eskubideak dira. Beste adierazpen batzuk ere egin izan dira eta ez dute ezer aplikatu” azaldu zuen Irribarriak.

Merinok bere taldekideen babesa eskertu du. “Oso eskertuta nago. Oso talde batua da gurea eta honek hori erakusten du. Eta uste dut hemendik aurrera oraindik ere batuagoak egongo garela. Orain niri egokitu zait, baina beste gairen bat suertatuz gero, taldean landu ahal izatea, hori da garrantzitsuena”.