Jabetza bueltatu eta kudeaketa plan berria negoziatzearekin batera, guardetxea da Aralarko Elkarteak Nafarroako Gobernuari egiten dion eskaera nagusia. “Guardetxea bota zenean Gobernuak 206 zuhaitz bota zituen baimenik gabe. Zuhaitz horiek gureak dira. Beraz, Gobernuaren proposamena etxola bat egitea da gure material horrekin”. Elkarteak proposamena onartu du, baina haien “baldintzak” jarri ditu etorkizuneko Guardetxearen proiektua baldintzatu gabe.
Bioeraikuntza proiektua aurkeztu dute. "Aralarko zurarekin eginen da eta isolatzeko mendiko ardien artilea erabiliko da. Ekonomia zirkularraren ereduari segituz". Proiektua halako eraikinetan eskarmentu handia duen Iñaki Urkia arkitektoa ari da prestatzen. Berea da, esaterako, Arbizuko eko-kanpinaren proiektua.
Guardetxe zaharra zegoen alde batean jasoko dute eraikin hori: “Guardetxe bat egin nahi dugu, baina guardetxe esaten dudanean, zaintzailearen etxea da, besterik gabe”. Horregatik, 60 metro karratu izanen ditu eta eraikinean bulegoa, komuna, arreta gunea, biltegia eta beste izanen ditu. Aralar elkarteak eraikin horretarako finantzazioa lotuta du: Nafarroako Gobernuak pagatuko du den-dena. Datez, galdetuta Razkinek esan digu lanak udaberrian hasi eta udarako despeditu nahi dituztela. "Udarako bukatuta badago, turismo informazio puntua han jartzeko proposamena egin diegu Sakanako Garapen Agentziari eta Plazaola turismo partzuergoari". Haien erantzunaren zain daude elkartean.
Eraikin nagusia
Guardetxe berria proiektu integrala izatea nahi du Aralarko Elkarteak. “Proiektu potoloa da. Aurrekoarekin antzekotasun gutxi ditu”. Elkarteko proiektuak bi eraikin baititu. Aipatutako basozainaren bulegoaz aparte, eraikin nagusia izanen da. Hura noiz, nola egin eta finantziazioa lotzen orain ari da negoziatzen elkartea. Presidenteak esan digunez, aurreproiektuak 150 metro karratuko eraikin bat aurreikusi dute. Han taberna legoke, errazioak, pintxoak eta bestelako jatekoak emanen lituzkeena. Jatetxerik ez, beraz. Horrekin batera, ikus-entzunezkoen gela luke. Razkinek azaldu digunez, Aralar, bere larreak nola sortu ziren eta nolakoa den erakutsi nahi lukete, interpretazio gela modukoa litzateke. Gainera, bertako ganaduzaleei, lehen sektoreari “bultzada handia” emateko produktuak saltzeko aukera eman nahi diete eta, horretarako propio, tokiko produktuak saltzeko espazioa egonen litzateke. Eraikin berean turismo informazio bulegoa aurreikusten dute ere.
Mende bateko eraikina
Aurreko guardetxea 1901ean eraiki zuten. Eraikin hura 2009ko apirilean bota zuten. 108 urte zituen. Eta, horregatik bota zutela uste du Razkinek: “familiak titularitatea hartu ez zezan”. Izan ere, 1940az geroztik Zufiaur familiari lotuta egon zen guardetxea Migel lehenik eta Jose semea gero mendi zaintzaileak izan zirelako.
Egoera tamalgarrian zegoela argudiatu zuen gobernuak. Elkarteak eraberritzeko proiektua aurkeztu bazuen ere, ez zen onartu. Ordutik, Guardetxe berria eskatu izan diote. “Gobernu berriarekin akordioa dago”.