Mendian egindako gazta berezia da Mendi Gazta. Artzainek aspaldi eskatuta, Aralar Elkartea Nafarroako Gobernuaren Lur Sarea agentziarekin lantzen ari da proiektua. Gipuzkoan eta Iparraldean dagoeneko martxan dute egitasmo hori. Nafarroan antzeko zerbait egiteko Aralarren proiektu pilotua eginen dute. Hiru artzainek dute horretan interesa oraingoz. Haien mendiko txabolak egokitu beharko lirateke. Gauzak ongi, mendian gazta egiteko aukera herrialde guztira zabalduko litzateke.
Mendi Gaztak metodo tradizionalak gogora ekartzen dituen eskulan nekeza eskatzen du. Nahiz eta gaur egun herrietan egiten den antzeko prozesua erabili. Aldatzen dena esnea da, mendiko larreetako belarrari esker oso ezaugarri bereziak dituen esnea ekoizten baita. Zapore berezia, biziagoa du, eta koipe gehiago ematen dio esneari. Altuerak eta lekuak horretan zerikusia dute. Baita ontzeko prozesuan ere: ibarrean egindako gaztak ontzeko bi hilabete behar baditu, mendian lau. Koipeagatik.
Euskal Herriko Unibertsitateko Mertxe de Renobales irakaslea ibarreko eta mendiko belarren eta esnearen laginak hartu eta bere taldearekin batera azterketa egiten ari da. Aldea zein den argitu nahi dute.