Asteazkenean, hilaren 17an, izan zen San Anton, animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen babeslea. Sainduaren izena duten Sakanako lau kofradiek euren eguna asteburuan ospatuko dute. Garai batean, Burundan mandazain asko ibili zen karretoan, lehengaien garraioan, Pasaiatik Zaragozara eta penintsulako beste puntu askotara ere. XVII. mendetik aurrera ezarri zen ekonomia jarduera garrantzitsu hura XIX. mendera arte indarrean izan zen. Eta jardunarekin batera sortu ziren Burundako kofradiak. Batzuek eta besteek elizkizunetan hildako kofradeak gogoratuko dituzte eta ardurak berrituko dituzte.
Dorrao
Sakanako San Anton kofradia gazteena da Dorraokoa, 1923koa. Bere arduradunak ere lanean hasten lehenak dira. Izan ere, Itur aldea elkartean elkartuko dira, biharko gosaria prestatzera, eta, bide batez, afaltzera. Larunbatean 09:00etan dute hitzordua jarrita elizan. Hildako kofradeen aldeko mezaren ondoren, priorearen edo kofradiako buruaren etxean haiendako errespontsua errezatuko dute. Behin elkartean, zozketa bidez, kofradiako karguak berrituko dira. Egitekoak despedituta gosaltzera eseriko dira. Eta bazkaldu bitartean, batzuk mahai jokotan ariko dira.
Bakaiku
Sanantondar bakaikuarrak larunbatean elkartuko dira. Gaur egun kofradiak 90 bat kide ditu. Haiek guztiak eguerdian izanen den elizkizunera deituak daude. Handik atera eta, urtero moduan, talde argazkia eginen dute. Poteoan ibili ondoren, 54 kofrade izanen dira Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera elkartuko direnak. Bakaikuko San Anton kofradiako buru edo maiordomo Francisco Javier Negrinek akta jasoko du erakundearen liburuan, 1.715. urtetik osatzen ari direna. Han kofradian izena eman berri dutenen eta hildakoen berri jasoko du. Baita kargu berritzeak ere. Izan ere, Negrinen laguntzaile edo belero izandako Iñaki Saez de Adana buru izatea pasako da eta laguntzaile berri bat aukeratu beharko dute
Iturmendi
Domekan elkartuko dira San Anton kofradiako kide iturmendiarrak. Eguerdian mezara joanen dira euren estandartearekin. Behin elizkizuna despedituta apaizetxean elkartu eta batzarra eginen dute, kofradiaren kontuak argitu, kideen altak eta bajak eta kofradiaren ardurak banatzeko. Kofradia 1690ean sortu zen eta ordutik urtero urtero gorabeherak akta liburuan jasotzen dituzte. Hura despedituta, hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatu ondoren Aritzaga elkartera joanen dira, han bazkaria baitute.
Urdiain
Urdiaingo sanantondarrak larunbat eguerdian elkartuko dira elizan, hildako kofradeen aldeko elizkizunean. Garai batean eliz atean animaliak bedeinkatzen baziren, bihar, mezaren ondoren apaizak eliz atetik herriko soroak eta aberean bedeinkatuko ditu. Ondoren, kofradeak elkarrekin San Anton kanta abestuko dute.
Eliz atekoak egin ondoren, aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosalduko dute. Segituan herriaren etxera joko dute 1691n sortutako kofradiaren batzarra egiteko. 14:30ean Aitziber elkartean bazkaria izanen dute. Eta, ohiturari segituz, kofradiako ardura utzi eta hartu duten lau kideen etxeetara erronda egitera joanen dira arratsaldean.