Elurraren egunerako izena ematea zabalik

Guaixe 2018ko urt. 17a, 15:44
Aurreko urtean Elurraren Eguna aurkeztu zutenekoa, Sakanako Mankomunitatean.

Urbasan izango da, elurra dagoenean Mankomunitateak zehaztuko duen egunean. Ipar eskia eta elur-erraketen ibilbideak egiteko aukera, musherren erakustaldia eta nork bere kabuz egiteko jarduerak izango dira. Elurbusa ere antolatuko du Mank-ek. Interesatuek aurretik konpromisorik gabeko izena ematea zabalik dute

Elurra egiten duenean Urbasara joateko gonbitea egin du Sakanako Mankomunitateak. Izan ere, Mank-ek Sakanako Elurraren Eguna antolatuko du, elurra dagoenean zehaztuko duten egunean. Elurraren eguna prestatzeko, honako talde eta entitateen laguntza izango du Mank-ek: Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak, Altsasuko Mendigoizaleak, Navarmushing Txakur Lera Kluba, Sakanako Garapen Agentzia eta Nafarroako Gobernua.

Aurrekariak
Aspalditik, Mankomunitatetik elurra egiten zuenean urtero ipar eski zeharkaldia antolatzen zuten, Andiatik Urbasara. Bere aldetik, urteak dira elurra egiten duen bezain pronto Urbasa Andia Ipar Eski Lagunak taldeko kideek elurrarengatik itxita zegoen Otxoportilloko bidea makinekin zapaldu egiten zuten, bertatik ipar eskian aritzeko. Elkarlanean hasi ziren eta, horrela, duela bi urte Elurbusa antolatu zuen Mank-ek, elurrarekin Urbasan aparkatzeko arazoa baitzegoen eta jendeari erraztasunak emateko. Eta aurreko urtean “Elurraren eguna” prestatzea erabaki zuten. Gauzatzea ez zen posible izan, ez zuelako elurrik egin. Baina aurten badirudi elur urtea izango dugula, eta, hortaz, Elurraren eguna antolatu ahal izango dela. “Horregatik, izena ematea zabaldu dugu. Interesa dutenek eman dezatela aurretik izena, eta elurra egiten duenean zehazten dugun egunean, beraiekin harremanetan jarriko gara egun zehatzaren berri emateko eta bertan parte hartu nahi duten galdetzeko” azaldu digu Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Ipar eskia, elur-erraketak, musherrak, argazkiak, paseoak, trineoak eta elurbusa
Horrela, elurra egiten duenean zehaztuko den egun batean Sakanako Elurraren Eguna antolatuko dute Urbasan. Urbasa Andia Ipar Eski Lagunak taldekoek, elurra egiten duen guztietan bezala, eskiatzeko pista prest izanen dute Otxoportillon eta pista gehiago prestatuko dituzte. Eskiatzeaz gain, raketekin ibilbideak eta oinezko ibilbideak egiteko aukera egonen da, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eta Miruako Dani prest baitaude ibilbide batzuk erakusteko eta, bestalde, musher erakustaldia egingo da, lera txakurrekin. Eta, jakina, nor bere kabuz joan daiteke argazkiak ateratzea, paseatzera, leran ibiltzea edo dena delakora. Elurbusak igo eta jaitsi egingo ditu egunean izena ematen dutenak, bizpahiru bidaia egingo baititu gora eta behera.

Eskiatzeko prestatutako pistak errespetatzeko deia
Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeak 8 urte daramatzaUrbasako Otxoportillon ipar eskia egitea ahalbideratzen. “2010ean eman ziguten baimena. Urbasa Andia Natur Parketik konfirmatu ziguten elurra edo izotza egiten duenean Otxoportilloko errepidea trafikoari itxita geratzen dela. Horrela, pista horretako elurra zapatu eta bertan ipar eski pista prestatzeko aukera ikusi genuen. Elurra zapatzeko makinak prestatu genituen eta, ordutik, Nafarroako Gobernuaren baimena eskuetan, nahi duen orok eskiatu ahal izateko pista prestatzen dugu” azaldu digute. Tamalez, ibilgailu edo todoterreno batzuk bertatik ez zirkulatzeko debekua ez dute errespetatzen, pistan sartzen dira eta pistak apurtzen dituzte. “Jendeak arauak errespeta ditzala, hori eskatzen dugu. Egindako lana zapuzten dute eta ondoren ezin da bertatik eskiatu edo musherrik sartu. Horregatik jendeari eskatzen diogu seinaleak errespetatu ditzala, elurra dagoenean Otxoportillotik ezin da autoz ibili” gaineratu du teknikariak.

Eski ibilbideak
Gorka Garciak aipatu zuenez, Otxoportillotik Eskizako saroira bitarteko 5 km-ko pista prestatzen dute makinekin, eskiatu edo lera txakurrekin ibili ahal izateko. Eta pista edo senda nagusi horri lotuta, bi ibilbide zirkular prestatu dituzte, gune batean bat egiten dutenak. Zortzi bat osatzen dute, eta horregatik 8 deitzen diote. Senda nagusitik doaz, baina paraleloki ateratzen dira eta ondoren sendarekin bat egiten dute edo, bestela, bigarren eraztunarekin, Eskizako sendako perimetroan. Horrela, uneoro senda nagusitik ibili nahi dutenek horrela egin dezakete, eta atera nahi dutenek, aukera dute. Gainera, hainbat puntutan senda nagusira itzuli daiteke. Lehen eraztunaren ibilbidea 11 km-koa da, joan eta etorri, eta bigarrena 15 km-koa.

Bestalde, erraketekin egiteko bilbide zehatz batzuk markatu dituzte, askotan jendeak ez dakielako nondik ibili. “Lehen ibilbidea 3 km eta erdikoa, joan etorrian, bigarrena 7 km-koa, joan etorrian eta hirugarrena 11 km-koa, joan eta etorri. Martxa hauetan parte hartu nahi dutenek Sakanako Mendigoizaleak taldeko kideez lagunduta egin ahalko dute bidea. Eta norbaitek monitore bat kontratatu nahi badu, erraketekin ibiltzen ikasteko, Miruako Dani prest dago. Bestalde, Navarmushing Txakur Lera Klubekoekin lera txakurrekin ibiltzeko aukera dago.  

Izena emateko
Sakanako Elurraren Egunerako interesa dutenek Sakanako Mankomunitatera hots egin behar dute (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus) eta konpromisorik gabeko aurre izena eman. Mank-en datuak hartuko dituzte eta eguna, autobus ordutegiak eta beste dakizkitenean pertsona hauei helaraziko zaizkie eta orduan egingo da behin betiko izena ematea. “Normalean astearte-asteazkenerako jakingo dugu igande horretan elurra egoki egongo den ala ez. Eta orduan abisatuko dugu” azaldu du Gerrikagoitiak.