Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna-Martija elkarren kontra ariko dira gaur, ostegunean, Mungian

Guaixe 2018ko urt. 18a, 10:44

Altuna eta Martija 6 punturekin lider dira eta Ezkurdia eta Zabaletak derrigorrezkoa dute irabaztea, 3 puntu baitituzte

Gaur, ostegunean, Binakakoan dabiltzan pilotari sakandarren arteko partida hartuko du Mungiak, 17:00etan. ETB4k eskainiko du partida. Guztiz kontrako egoeran daude biak: Ezkurdiak eta Zabaletak irabaztea derrigorrezkoa dute, izugarri zaildu zaielako txapelketa. Hiru puntu dituzte eta txapelketatik kanpo ez geratzeko irabazi beharrean daude. Eta Altunak eta Martijak euren lidergoa sendotzen jarraitu nahi dute. Hil ala biziko beste lehia baten aurrean gaude, beraz.

Gogoratu beharra dago Binakako sailkapenean Altuna III.a-Martija direla liderrak (6 puntu), Elezkanorekin eta Rezustarekin puntutara berdinduta. Olaizola II.a-Imazek eta Urrutikoetxea-Galarzak bosna puntu dituzte eta Irribarria-Merino II.ak eta Ezkurdia Zabaletak hiruna puntu. Bukatzeko, Unai Laso-Albisuk eta Bengoetxea-Larunbek bina puntu dituzte.  

Binakakoa. 9. jardunaldia
Ezkurdia-Zabaleta / Altuna III.a-Martija (ostegunean, 17:00etan Mungian)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, 17:00etan Labriten. ETB1)
Urrutikoetxea-Ibai Zabala / Irribarria-Merino II.a (igandean 17:00etan Legutianon. ETB1)
Olaizola II.a-Imaz / Laso-Albisu (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)