Iñigo Aritza ikastolak Bizi Kultura errondaren barruan antolatutako kultur programazioak asteburu honetan Olaztin izango du segida. Joseba Arlegi mendizale eta eskalatzaile irurtzundarrak AEBtako mendebaldean eskalatzen prestatutako proiekzioa ekarriko du Olaztiko Kultur Etxera, larunbatean, ilbeltzaren 20an, 19:00etan.
Eskalatzen eskarmentu handia du irurtzundarrak eta zaletasun hori praktikara eramanez, 2014ko udazkenean hiru hilabete eman zituen Joseba Arlegik beste lau lagunekin batera, Utah, Nevada, Arizona eta Californiako parke naturalak eta paraje ikusgarriak bisitatu eta estatu hauetako mundu osoan ezagunak diren aipatutako tokietan eskalatzen. Yosemite, Zion Canion, Indian Creek… bertan aritu ziren. Hemen, Euskal Herrian, kirol eskalada egiten da gehien, paretak ongi ekipatu eta zailtasun bila. Baina AEBetara eskalada tradizionalaren bila jo zuten: paretako bideak ekipatu gabe, pitzadura, tarte eta arrakaletan eta zuloetan eskalatzaileek jarri eta kentzen diren anklaje flotanteak erabili behar dira. Abentura handia bizi zuten, pareta handietan sartu eta gaua hamaka batean zintzilik ematea tartean.
Capitan
Aurretik, 2008an, Yosemiteko Capitan famatua eskalatzen izan zen Joseba Arlegi, Iruñeko 5 lagunekin. Hura “beste historia bat” izan zela aipatu izan du askotan irurtzundarrak. “Yosemite Valley eskaladan mitikoa da eta mundu mailan erreferentzia da. Han egotea sekulakoa izan zen, Capitan famatura igotzea eta bertako pareta ikusgarriak ezagutu eta igotzea... kristona. Lekua ezagutzea amets bat betetzea izan zen" azaldu zigun orduan Irurtzungo eskalatzaileak. Yosemiteko eskalada sekulako urratsa izan zen berarendako. "Yosemite kirol eskaladaz kanpo dago. Guk egin genituen bideak klasikoak dira, baina horrek ez du esan nahi errazak zirela. Beste mundu bat da. Gehienetan anklajeak jarri gabe zeuden eta hortaz, motxilan denetatik eraman behar zenuen: anklajeak, materiala, janaria, lo egiteko hamaka... Azpiegitura edo logistika ongi antolatzea ezinbestekoa zen, materiala ongi lotzea. Pentsa zapatila bat edo hamaka edo jatekoa erortzen zaizula. Zureak egin du! Eta gero material hori guztia gainean duzula paretan gora egin behar duzu. Eta bi egun edo gehiago jarraian eman ditzakezu, hortaz, paretan lo egin behar, hamakan. Hemen egiten dugunarekin alderatuta, beste mundu bat da" azaldu zigun Arlegik. Ohiko eskalada teknikez gain beste teknika batzuk erabili zituzten Yosemiten, tartean Big Wall teknika bereziak. "Yosemitera itzuliko nintzateke berriz, toki bikaina da” azaldu izan du askotan.
Hau guztia erakutsiko du mendizale eta eskalatzaile irurtzundarrak larunbatean, 19:00etan, Olaztiko Kultur Etxean. Izan ere, irudiak hartzeko bi kamara erabiltzen ditu irurtzundarrak. Reflex handi batekin paisaiaren argazkiak eta beste ateratzen ditu, eta eskalatzen dagoenean kamara konpaktu txikia darama. Bera ibilitako paraje ikusgarrietan barna bidaia egitera gonbidatzen digu Bizi Kulturak.