Nazioarteko Turismo Azokaren 38. edizioak atzo zabaldu zituen ateak Madrilen eta igandera arte hala izanen ditu. Lurraldearen sustapena egiteko Nafarroako Gobernuak standa jarri du azokan, zeinetan Donejakue bidea den protagonista. Baina horrekin batera egunero hainbat aurkezpen hartuko ditu standak. Esaterako, gaur 18:00etan Sakanako Garapen Agentziako turismo eta elikadura arduradunek eginen dutena.
Lehenak, Paki Urbitartek, Sakanako xenden maparen berri emanen du. Joan den urtean, toki berean Sakanako ibilbideen planaren berri eman bazuten, aurten “xenda horien mapa kartografiko turistikoa aurkeztera goaz. Nahi baino gehiago luzatu zaigu mapa egin ahal izatea baina listo, prest dugu jada”, azaldu digu Urbitartek. “Zabaldu daitekeen mapa kartografikoa da, zeinetan ibarreko 18 ibilbide jaso diren, eta bakoitzari buruzko beharrezko informazioa ematen duen”.
Oskia Gorostiagak, berriz, Dastatu Sakana marka aurkeztuko du. “Tokiko produktua hartzen duen marka da eta ibarreko lehen sektoreari balioa eman nahi dio”. Esku-orri batean zuzeneko salmenta egiten duten ekoizleen berri ematen da, “eta, aldi berean, gastronomia produktuen erakusgaia bada ere”. Azalpena Sakanako produktuen dastatzearekin despedituko da.
Arakil kide den Plazaola turismo batzordea ere Fiturren da. Plazaolako bide berdearen gidaliburu berria eta bide mapa berria aurkeztuko dituzte. Horrekin batera, 2006tik martxan den Iturraskarri proiektuaren bide-mapa ere aurkeztu dute Fiturren.