Bakardadea 1

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2018ko urt. 19a, 08:07

kolaboratzaileak

Japonian bere buruaz beste egiten duen jende kopurua ikaragarri altua da. Munduko altuenetarikoa. 22 eta 44 urteko gizonen artean hiltzeko modurik ohikoena da. Antzinan, seppuku edo harakiri egitea ohorearekin erlazionatzen zen, baina gaur egun, Japonian bere buruaz beste egitearen arrazoia gizartearekiko nolabaiteko deskonexioarekin dago erlazionatua, batez ere. Honi buruz hitz egingo dut hurrengo artikulu sorta honetan. Ez larritu, guztiak ez dira gaurkoa bezain ilunak izango.

Japoniako gizartean presio soziala ikaragarria da edonorentzat. Gazteek nota onak atera behar dituzte ikastetxe eta unibertsitate hobeenetara sartzeko. Honek konpetibitatea pizten du eta askotan bulling-a sortzen da ahulenak jipoituz. Ondorioa, deskonexio soziala, Hikkikomori fenomenoa (honi buruz hitz egin dut jada beste zutabe batean) eta zenbaitetan suizidioa.

Lanean hasi orduko, enpresarekiko leialtasuna espero da langile batengan. Eta nola ez, ahalik eta azkarren barne promozioz lagunduta lanpostu hobea lortzea enpresa barruan estatusa hobetzeko. Horretarako, nagusia baino lehen iritsi behar da lanpostura eta azkena alde egin etxera. Berriro ere giro oso konpetitiboan jarraitzen dute eta lanetik kanpo ezin sozialki inorekin erlazionatu.

Presioarekin ezin dutenean, bere eguneroko lanean eragina du eta askotan galdu egiten dute lana. Diru iturririk gabe, jende askok kalean bukatzen du. 90. hamarkadan gainera, errezesio ikaragarria izan zuen herrialdeak eta ekonomian eragin handia izan zuen lanpostu asko suntsituz.

Lanean jarraitzekotan, nabaria da emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna. Japoniar gizartea oso tradizionala eta patriarkala da orokorrean eta 30 urte izan aurretik espero da emakume bat ezkontzea. Honela ez bada, lagunek ere baztertu egin dezakete kutsatzeko arriskua izango balute bezala. Ezkonduz gero ere, presioa ez da desagertzen. Seme alabak izatea espero da, eta etxeko andre bihurtzea. Emakume baten ibilbide profesionala ez da errespetatzen, zoritxarrez toki askotan gertatu ohi den moduan.