AHT ibilbide proiektua

Europako tren merkantzia korridorea Sakanan barna

Guaixe 2018ko urt. 18a, 18:14

Proiektuan jasotako ibilbide zati bat.

Sustapen Ministerioak herenegun jakinarazi zuenez, Europako Batzordeak onartu du Merkatzien Atlantikoko Tren Korridorea Iruñean barna Zaragozaraino luzatzea. Hau da, Sakanan barna. Eskaera hori  Alemaniak, Espainiak, Frantziak eta Portugalek egin zuten joan den urte hasieran.

Sustapen Ministeriotik azaldu dutenez, erabakiak "korridorearen hasierako definizioko hutsunea konpontzen du". Ministeriotik gaineratu dutenez, "ibilbidearen luzapenaren beste abantailetako bat da bai Iruñeak bai Zaragozak merkantzia hartzaile gune gisa ikusgarritasuna eta aitortza lortzen dute Europan".

Europako garraio politikaren  helburu nagusietako bat da kontinentean tren bidezko merkantzia sarea sortzea. Horren zati da Atlantikoko korridorea, 2013ko azarotik indarrean dena. Korridorea aipatu lau herrialdeetako tren azpiegitura administratzaileek kudeatzen dute. Europako tren bidezko merkantzia garraioa kontratatzeko leihatila bakarra Madrilen dago.

Iritziak
Nafarroako eta Euskal Autonomia Elkarteko alderdi sozialistetako buruak, Maria Chivitek eta Idoia Mendiak, bilera egin zuten atzo Iruñean. Hizketagaien artean Prestazio Handiko Trena izan zuten. Haien iritziz Nafarroako Gobernuak Madrilgoarekin hitzarmen bat edo kudeaketa mandatu bat izan beharko luke, "gobernuari ematen diren pausoak kontrolatzea ahalbidetuko lioke, lanak arinago eta azkarrago egiteko". Eusko Jaurlaritzak  kudeaketa mandatua erabiltzen duela eta formula hori darabilela eta "formula hoberena" dela gaineratu zuten. Chivitek eta Mendiak tren azkarra "lurralde kohesiorako tresna" dela gaineratu zuten.

PPNko presidente Ana Beltran adierazi zuenez, asteartean BOEn argitaratutakoa, "Sustapen Ministerioaren, Espainiako Gobernuaren eta PPren Nafarroarekiko konpromisoa sendoa, jarraitua eta ziurra denaren erakusle da".