Nafar Lansarek finantzatzen duen Nafarroa Ekintzailea sareko kide da Cederna-Garalur eta ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. Bere negozio ideia garatu nahi dutenek jo dezakete zerbitzu horretara eta han laguntza eta aholkularitza emanen diote.
Hala egin zuten joan den urtean 50 sakandarrek, 35 emakumezkok (% 70) eta 15 gizonezkok (% 30). Cederna-Garalurren zerbitzuan artatutako pertsonen artean 23 enpresa sortu ziren eta, ondorioz, 27 pertsonak alta eman zuten urte osorako langile autonomoen araubide berezian. Sortutako negozio berrien forma juridikoari dagokionez, Garalurretik jakinarazi dute 21 banakako enpresariak direla eta beste bi negozioak sozietate irregular gisa eratu direla.
2016an 41 ekintzaileri (21 gizonezko eta 20 emakumezko) lagundu zieten eta 21 enpresa sortu zituzten 28 autonomo alta emanez (16 emakumezko eta 12 gizonezko).
Ekintzailetza bulkatzen
Garalur joan den urtean zehar bi urtetik beherako antzinatasuna duten 26 enpresari laguntza eta aholkularitza eman die. Bi urte baino gehiagoko ibilbidea duten beste bederatzi enpresek zerbitzu bera jaso zuten.
Urtero moduan ekintzaileak ikastetxeetara eraman dituzte, ikasleek haien esperientziaren berri lehen eskutik jaso zezaten. Aldi berean, Garalur ibarreko esperientzia ekintzaileen zabalpen eta dinamizazioan lagundu du. Gainera, Nafar Lansarek eta beste erakunde batzuek ekintzailetzari lotutako beste ekitaldietan parte hartu du ere.
Ekintzaile eta autonomoei zuzendutako hiru saio ere prestatu zituen Cederna-Garalurrek 2017an: nola antolatu zure agiriak zerga-betebeharrak betetzeko; nola diseinatu zure fakturak zerga-betebeharrak betetzeko eta ekintzailetza praktikoa turismo-sektorearendako, bi Arbizun eta azkena, berriz, Antsoainen.
Ekintzailetza zerbitzua
Cederna-Garalurrek Sakanako egoitza Arbizuko Utzubar industrialdeko Utzugane garapen gunean du. Handik ibar guztirako zerbitzua eskaintzen du. Haiekin harremanetan jartzeko astegunetan, 08:00etatik 15:20era, pasa daiteke egoitzatik. Ekintzailetza zerbitzuan, hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan ematen dute laguntza eta aholkularitza. Garalurrekin harremanetan jartzeko 948 567 010 telefonoa eta sakana.admon@cederna.es e-posta erabil daitezke.