San Pedro ermitako ateburuan jartzen duenez, 717ko ilbeltzaren 20an gertaera historikoa izan zen han: 600 gizonen artean, Nafarroako aurreneko errege gisa aukeratu zuten Gartzia Ximenez. Berdinen arteko aukeraketa izan zen eta ez "jainkoaren graziaz" beste monarkia batzuen hasieran bezala.
Efemeridea gogoan, Marcos Alvarez Basartek eta Juanma Galanek urteurrena gogoratzeko ekitaldia antolatu zuten joan den urtean eta 30 bat pertsonek bat egin zuten deialdiarekin. Aurtengo deialdi bera egin dute eta 2017ko egitarau berarekin: erregearen aukeraketaren berri ematen duen Gregorio II.a Aita Santuaren 717ko agorrilaren 30eko bulda irakurri, topa egin eta talde argazkia egin.
Nahia
Biharko deialdia egin duen bikotearendako "legenda ospatzea zerbait polita eta alaia izan behar luke. Burundarren arteko senidetze egun modukoa". Antolatzaileen iritziz bai nafarrendako bai burundarrendako egun garrantzitsua behar luke ilbeltzaren 20a, "Urdiainen eta Altsasuren, gure herrien historian egun aipagarria da".
Antolatzaileak joan den urtean ekitaldia antolatzeko beste modu baten bila hainbat ate jo zituzten. "Altsasuko Udaleko Historia Memoriako Batzordearen esku gelditu zen ekitaldian parte hartu zezaketen taldeen edo elkarteen zerrenda egitea eta ospakizunaren plangintza eta programazioa osatzea", esan digu Galanek, gaineratuz: "elkarteak gogotsu zeuden, aurreko egunetan egitaraua antolatzeko ere. Zain gaude". Azaldu digunez, Covadongan halako mitoa dute ere eta Asturiaseko Gobernuaren laguntzaz gogoraraziko dute.
Eurek ere halako oroitzapen egun duin bat nahi lukete. Horregatik, "udalek ondare hori zaindu eta bermatu behar dute, belaunaldi berriek ezagut ditzaten", gaineratu du Alvarezek, "herritarrekin hartutako udalaren gizarte konpromisoaren zati da".