Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaletak Binakakoari eusten diote. Atzo hasierako ligaxkako 9. jardunaldiko partida jokatu zuten Mungian Jokin Altunaren eta Julen Martijaren kontra, eta partida serioan 22 eta 16 irabazi zieten liderrei. Hortaz, urrezko puntua lortu zuten, laugarrena, eta horri esker Binakakoan finalerdietara sailkatzeko borrokan jarraitzen dute.
Sakandarren arteko Mungiako partida oso gogorra izan zen, txapelketan orain arte jokatutakoetan pilotakada gehien izan zituena, 661 pilotakada. Ezkurdiak eta Zabaletak agindu zuten piloteoan, baina agintea ezartzea kosta egin zitzaien. 12 eta 7 aurreratu ziren sakandarrak, baina Altuna ongi errematatzen hasi zen eta 15 eta 14 gerturatu ziren Amezketakoa eta Etxeberrikoa. Hortik aurrera, Joseba Ezkurdiak errezitaldi bikaina egin zuen eta, azkenean 22 eta 16 irabazi zuten sakandarrek. Aipatzekoa da atzeko koadroetan Zabaleta etxarrendarrak Martija etxerriarrari gailendu zitzaiola eta aurreko koadroetan Ezkurdiak defentsa lan ikusgarria egin zuela. Bestalde, liderrek erakutsi zuten ez daudela buruan kasualitatez, eta nahiz eta partida galdu, itxura ona eman zuten
Ezkurdiak eta Zabaletak lasaitu ederra hartu zuten. Jakitun dira finalerdietara sailkatzea zaila dela, geratzen diren bost partidetatik hiru edo lau irabazi beharrean baitaude, baina sentsazio onak dituzte. “Goraka goaz, bereziki azken 4 jardunaldiak kontuan hartuta. Lau partida hauetatik 2 irabazi ditugu eta beste biak 20 eta 21 tantotan geratu gara. Gure mailara gerturatzen goaz” azaldu zuen atzo Etxarrengo atzelariak. Zabaletak gaineratu zuenez, partida ona egin zuten. “18. tantora arte izugarri sufritu dugu, baina ez dugu partida galdutzat eman. Ezkurdiak aurrean haztatu du eta horrek salbatu gaitu”. Bide horretan jarraitu behar dutela azpimarratu du Zabaletak.