Gartzia Ximenezen goratzea

Guaixe 2018ko urt. 24a, 18:03

1301 urte bete ziren larunbatean Gartzia Ximenez errege aukeratu zutela. Urteurrena gogoratzeko 20 pertsona elkartu ziren San Pedro zelaian. Gertaeraren testuingurua azaldu eta jendeak iritziak emateko aukera izan zen. Topa eginez bukatu zuten

“Ez udalak ez gobernuak antolatzen ez dutenez, guk antolatu dugu”. Azaldu zuen Marcos Alvarezek (Juanma Galanek ezin izan zuen joan) larunbat arratsaldean San Pedro ermitaren ondoan, Gartzia Ximenezen errege aukeraketaren 1301. urteurren ospakizunean. 20 pertsona elkartu ziren. Gertaeraren testuingurua azaldu eta jendeak iritziak emateko txanda izan zen. Topa egin eta talde argazkia eginez despeditu zen ekitaldia. Ekimenaren sustatzaileek aipatu dute Gartzia Ximenezen goratzearen errekreazioa egin nahi luketela. Larunbatean Iruñeko Freak Star ekoiztetxeko kide bat irudiak hartzen egon zen, Altsasuren eta Gartzia Ximenezen goratzearen inguruan dokumentala egiten interesa duena.

Ekitaldian azaldu zutenaren arabera, VIII. mende hasieran “hemen botere eta politika hutsunea zegoen”. 711n arabiarrak penintsulan sartu eta konkistatzen hasi ziren eta horrek errefuxiatuak hona babes bila etortzea ekarri zuen. Giro horretan, San Pedro zelaian 600 pertsona elkartu ziren eta haien artean, berdinen artean, Gartzia Ximenez aukeratu zuten buru Nafarroako Errege. Eta Aita Santuarengana jo zuten, euren erabakiari aitortza ematea eskatu ziezaion. Gregorio II.a Aita Santuak 717ko agorrilaren 30ean emandako bulda bidez aitortu zuen autoritate berria.

Ameskoako jauna zen Gartzia Ximenez. “Gudari baliotsua zen. Hainbat tokitan nabarmentzen dute. Hainbat kroniketan aipatzen dute, baina bere daturik ez dugu. Madrilgo kronika baten arabera 757an hil zen. Aragoakoak 750ean hil zela dio”.

Asturias
Bulda ekartzera Epifiano etorri zen. Lehen geldialdia Nafarroan egin zuen. “Erreinuak ez zuen jarraipenik izan. 810ean Iñigo Aritza agertu arte. 724an Sobrarben, buru baskoi bat arabiarren kontra aritu zela jaso zuten kronikek”. Nafarroan beharrezko jakinarazpena egin eta gero bidean aurrera egin zuen, Asturiasera. Pelayo erregearen autoritate berria onartu zuen ere Gregorio IIak eta 718an izendatu zuten.

“Covadongara joan ginen. Abadeak zituen artxiboak kontrastatu genituen eta hango eta hemengo pertsonaiak eta datuek bat egiten dute. Hango erreinuak segida izan zuen”. Alvarezek azaldu zuenez, Covadongan “ez zuten Altsasukoaren berri. Izenak bat egiten zutela ikustean, eurek dutena indartzen dutela aitortu zuten. Hor lotura bat dago”. Kondaira baino, hasiera dela nabarmendu zuen. Covadongan irailean ospatuko dute Pelaioren koroatzea, Asturiasko Gobernuaren babesarekin. “Abadeak nafarrak joatera gonbidatu gaitu, hemen gure erregea izan genuelako”.