Sakanako herri guztietan dago elkarte gastronomikoren bat. Eta herri handietan bat baino gehiago. Sakandarrek elkarteetan biltzeko joera dugu, lagunartean bildu, ospakizunak antolatu edo, besterik gabe, herritarren artean gustura aritzeko. Gure aisialdiaren espazio garrantzitsuak dira. Eta horrenbeste jende biltzen den eremuetan euskararen erabilera sustatzea da Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko helburuetako bat, elkarte gastronomikoetan ere euskara erabiltzera animatzera. Horretarako 2015 urtetik Elkarteetan Euskaraz Goxo-Goxo kanpaina antolatzen du Mank-eko Euskara Zerbitzuak. Izan ere, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak gora egin du Sakanan, baina egungo erronka igoera hori erabilerara ekartzea da, gizarte erabilera hizkuntza baten bizitasunaren seinale baita.
Elkarteei eskainitako baliabideak: doako itzulpenak, errotuluak euskaraz jartzeko laguntza eta begiraleen lan-poltsa
Urte aldaketarekin batera, Sakanako elkarte gastronomikoek aipatu kanpainako euskarri berriak jaso dituzte: 2018ko egutegia, Euskara Zerbitzuaren aholkuekin eta doako baliabideekin eta Elkartean euskaraz goxo-goxo eranskailu edo pegatina, elkarteetako bazkideak elkartzen diren lekuan jartzeko: sarrera, sukaldea, jangela…
Euskara Zerbitzuak elkartearen eguneroko jardueratan euskara erabiltzera animatzen ditu elkartean. Oinarrizko neurri batzuk aholkatzen dizkie: kartel eta oharretan, jendaurreko ekitaldietan (hitzaldiak, ikastaroak…) eta barne dinamikan (batzarrak eta beste) euskara erabiltzea. Horretarako, Mank-ek ondoko baliabideak eskaintzen dizkie elkarteei: Euskara Zerbitzuak doako itzulpen zerbitzua eta errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntza eta Kirol Zerbitzuak begirale eta aurkezleen lan-poltsa.