Sakanako denda, establezimendu komertzialak eta ostalaritza gizarte bizitzako espazio garrantzitsuak dira. Horren jakitun, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak urteak daramatza Sakanako denda, taberna, jatetxe eta establezimenduei euskara sustatzeko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen, Merkataritza Euskaraz kanpainaren bidez. Helburua Sakanako merkatal gune, saltoki eta establezimenduetan euskararen erabilera eta presentzia handitzea da. Izan ere, Sakanako biztanleen %40 euskaraz hitz egiteko gai da, eta zenbait herritan % 60-70etik gora dira euskaldunak. Eta kontuan hartuta, belaunaldi berriak euskaldunak direla, Mank-ek dendariak euskara erabiltzera animatzen ditu, “keinu horrek gertutasuna ematen diolako zerbitzuari”.
Kartelak, eranskailuak, inprimakiak, itzulpen-zerbitzua…
Horretan laguntzeko asmoz, Mank-eko Euskara Zerbitzuak zenbait produktu eta zerbitzu eskaintzen dizkie, dohainik, Sakanako merkatariei eta ostalariei. Berriki, zerbitzu eta produktuen gida eguneratu da eta 500 ale banatu dira Sakanako establezimenduetan. Gidan, merkatariek Mank-eko Euskara Zerbitzutik eskura dituzten baliabideen berri ematen da: hizkuntza paisaiako produktuak, kartelak eta eranskailuak (irekita, itxita, ez erre, irteera, erreklamazio orriak, ostalaritzako legeak, merkealdia, Gabonetako loteria…), inprimakiak (fakturak, entrega eta ordain agiriak, ostalaritzako eskaera orriak…) harategia eta arrandegia kartelak, hiztegi-orriak eta itzulpen eta hizkuntza-aholkularitza zerbitzua. Zerbitzu hauek guztiak dohainik jasoko dituzte merkatariek Mank-ean eskatuz gero. Bestalde, errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa euskaraz jartzeko diru-laguntza eskaintzen du Mank-ek eta euskara ikasleendako diru-laguntza.