Bi urtean behingo hitzorduari fidel, bueltan da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa. Laugarren edizioak hasierako izpiritu bera du: "auzolanean eta talde lanean oinarrituta bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematea, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz".
Aurten 16 talde eta 113 parte-hartzaile arituko dira. Horietatik bertsolariak 73 dira, arituak eta plazan hasi berriak. Gainontzekoak antolatzaileak edo aurkezleak dira.
Bi talde
Ibarreko bi bardo talde ariko dira: Sakana Zirt eta Sakana Zart. Aurreneko taldea Idoia Granizo Uribarrena, Eneko Lazkoz Martinez eta Unai Artieda Estanga bertsolariek osatzen dute, Jon Arratibel Irurtzun aurkezlearekin batera. D multzoan parte hartzen daude Ibardin: hiru ta lau dira zazpi eta Patioko bandako bardoekin batera ariko dira aurreneko fasean. Otsailaren 2an Beran antolatutako bertso-merenduan hasiko dira bertsotan, parean Ibardin taldekoak dituztela.
Bigarren taldean, berriz, Josema Leitza Razkin, Joseba Andoni Beltza Bengoetxea, Ekain Alegre Gil eta Saats Karasatorre Martinez bertsolariak daude. Aurkezlea Arratibel bera da eta antolatzailea Beltza. E multzoan Barañetak eta Addams familia taldeekin daude. Azken horien kontra mustuko dira Lakuntzan jokatuko den bertso saioan. Zirt eta Zart taldeek atzo entrenamendua zuten Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan.
Ezaugarriak
Lehen fasea otsailaren 2tik 16ra jokatuko da. Multzo bakoitzean hiru talde daude eta talde bakoitza multzoko bi taldeekin ariko dira, "etxean eta kanpoan". Epaileak beste multzo bateko beste talde bateko bi kide izanen dira eta ariketa bakoitzean zein talde den onena erabakiko dute. Entzuleek ere saioan hobekien aritu den taldea baloratzeko aukera izanen du. Bietatik aterako da saioko irabazlea. Bigarren fasera multzo bakoitzeko talde bana pasako da, sei guztira. Bigarren fase hori martxoaren 2tik 11ra jokatuko da. Binaka, joan-etorriko saioak antolatuko dituzte taldeek. Finalerako hiru geldituko dira eta txapela Lekunberrin banatuko da, martxoaren 24an.